Modelo zineman: Manchester by the sea (Kenneth Lonergan)

Erabiltzailearen aurpegia Ander Ubera 2017ko mar. 10a, 11:00

Punta puntako pelikula berriz ere herriko zineman. Aurtengo Oscar-sarietan aktore eta gidoi onenaren irabazlea. Nire ustez ez zuen bi horietako bat ere merezi baina horrek ez du esan nahi txarra denik. Tristea, gogorra eta oso ona!

Aurtengo Oscar sari nagusirako finalistak drama generoan kokatu dira nabarmenki eta guztiak nahiko jarraian ikusteak muki jario aipagarria eragin dit. Dinamika depresiboa ekiditeko ziklo berezi bat egitekotan nago: Austin Powers eta Steven Seagalen klasikoen maratoia. (Zein baino zein barregarriagoa).

Sarreran aipatu dudan bezela, bi sari horiek beste batzuek merezi zituztela irizten diodan arren, (aurreko astean esandako Denzel Washington eta Langosta filmeak), Manchester By The Sea honen kalitatea ukaeziña da.

Protagonistak bere ilobaren ardura hartu behar du bere anaiaren heriotzaren ondoren. Puntu hortatik hasita, flashback bidez haien arteko erlazioa eta iraganeko gertakari nabarmenenak erakusten dizkigu, apurka apurka Casey Affleck-ek bikain defendatzen duen pertsonai kontenituaren barne egoera ulertaraziz. Papera ez da beste batzuk bezain luzitua, baina badu meritua.

Normalean horrelako dramoi beldurgarrietan, errazena mundu guztia negarrez jartzea da; aktore, ikusle, palomita saltzaile eta baita lehiatilan Yoda-ren belarriak jantzita lan egitera behartu duten freak bizardun potxoloa ere... Batzuk plazerra aurkitzen dute horrelako malko uholdeetan baina kasu honetan horretxen kontra egitea da filmearen indarra. Pertsonai gehienek barruan daramate sufrimendua, eta ez dute azaleratzen (askotan errealitatean gerta daitekeen bezala), eta horrek, malko jarioaren ordez, sabelean korapiloa sortarazten dio ikusleari.

Alde negatibotzat, ilobaren papera aipatuko nuke. Sekundario onenera izendatua izan zen arren, ez nau konbentzitu. Bere aitaren heriotzaren aurrean modu horretan erreakzionatzeak ez dit gehiegi enkajatu. Agian hain topikoa den katarsis lakrimogenoaren faltak deskolokatuta utzi nau. Neure errua agian.

ONENA:
Protagonistaren komisaldegiko eszena. Uffff!!!

TXARRENA:
Zuzendariak aukeratutako musika klasiko pasarteak oso kritikatuak izan dira, drama gehiegi enfatizatzen omen zutelako. Horrelako zerbait Alejandro Amenabar-i ere egotzi zioten "Mar Adentro"-ren kasuan. Han nabarmena zen bezala, honakoan ez zait iruditu.

BITXIKERIA:

-Casey Affleck, Ben Affleck famatuaren anaia txikia da. Lehenengoa aktorea da eta bigarrenak zine munduan egiten du lan...

-Anaiaren paperean Kyle Chandler. Tipo honen telesail bat ikusten nuen duela urte mordoa. Egunero hurrengo eguneko egunkaria jasotzen zuen eta jendeari gertatu behar zitzaizkion ezbeharrak ekiditen saiatzen zen... ETB-n al zen?? Uf, ez naiz gogoratzen... Begiratu dut: Early Edition 1996-2000. Ez dakit hemen ze izenburu zuen... Norbait gogoratzen da ala ni naiz buruan alperrikako datu hauek dituen bakarra? Loperenari bixita egin beharko...

GOMENDIOAK:
-Kenneth Lonergan: Ezezaguna niretzat. Sarean begira aurkitu dudan 2000. urteko "Puedes contar conmigo" filmeak itxura ona du. Sundance-n irabazle. Pista ona izaten da hori harribitxiak aurkitzeko. Ikusi beharko!

-Casey Affleck: 2007-ko "Adiós pequeña, adiós" eta "El asesinato de Jesse James por el cobarde Robert Ford" aipatuko nituzke. 2014-ko "Interestellar"-en ere badu paper txiki bat. Neuronak lehertzeko beldur ez bazarete, ikusi! Argi 5. dimentsioarekin!

-Michelle Williams: "Blue Valentine" -2010- eta "Brockeback Mountain".-2005-

Manchester By The Sea ikusten baduzu, partekatu iritzia