BERTSOKILLER-A ZARAUTZEN (V)

Erabiltzailearen aurpegia

Krimen eta misteriozko istorio laburra. 10 aste, 10 kapitulu.



“Hamar behatz lodi aurkitu dituzte Donibane plazako ahateen txabolan.”

                                                                            -Zarauzko Hitza-

            Berriz ere emazteari deitu zion Tomaxek, behatzak izozkailuan gorde zitzan. Hark men egin zion beste behin ere, baina ez muturra okertu gabe. Gorde beharreko froga haiek zirela eta, gabonetarako gordeta zituen azpizunentzat  gero eta leku gutxiago zeukan. (3x2 Hernaniko Lidl-en)

Denborarik galdu gabe, ustezko lekuko baten galdeketarekin hasi zuen eguna.

              -Zerbait arraroa somatu al zenuen bart, etxera iristean?

              -Ez, ez... Egia esan, goizeko ordu biak ziren iritsi nintzenerako eta ez nuen inor irlan sartzen ikusi.

              -Ziur al zaude ez zenuela aparteko ezer ikusi? Zure 360 º-ko ikusmen eremua kontutan izanda, inguru guztia begi bistan izan beharko zenuke...

              -Ba egia esan, ez zait arraroegia iruditzen baina, ni iritsi eta gutxira, gitarra funda bat zeraman tipo bat ikusi nuen inguruetan.

              -Deskribatzerik bai?

              -Ba… Arropa iluna, bota beltzak eta… Ah bai, kate bat poltsikotik zintzilik. Zoritxarrez, txanoa jantzita zeraman eta ez nion aurpegirik ikusi.

              -Eta jakin al daiteke non izan zinen horren berandu arte?

              -Horrek ez du gertatutakoarekin erlaziorik, detektibe jauna.

              -Aska ezak mihia bestela erauzi egingo diat!

              -Bueno, bueno, ez daukazu horrela jarri beharrik. Nire mihia, Zarauzko neska gazteen artean oso kotizatua dagoela esan genezake… Ulertzen?- amaitu zuen keinu bat eginaz, urmael erdiko iturriaren gainean bizi den kamaleoiak.

            Lehen aldiz aztarna bat zeukan esku artean eta joko makabro hari amaiera emateko balio ote zezakeen pentsatu zuen Tomaxek. Hura jarraituz, Vista Alegreko entsegu lokaletako talde punk eta metaleroei galdeketa labur bat egin zien. Bai laburra ere. Eskuak buruan zituela lasterka irten behar izan bait zuen, zerbeza litrona eta japo zaparrada baten azpian. Pixapote taldeko frontman-ak garraxika agurtu zuen aldapan behera: -Kristau biltokiyan ere gitarra jotzeye baño bazpare honea etorri haiz, popero ostiya!

            Aztarnarik ikertu gabe ez uzteagatik, kristau biltokira gerturatu zen segidan, baina ate aurrean zegoela, barruan jendea - ...alabareeee, alabareeee- abesten entzutearekin batera, buelta erdi eman eta buru makur erretiratu zen.

            Ordurako ilunduta, “Rio Peste” ondotik etxera zihoala, gaztetxean kontzertu burrunda entzun zuen: -… infernuaaaaaaaan erre daitezela…!- garrasika zebilen abeslaria. Barrura sartu eta inori galdera bat egin aurretik, bere uniforme erreflektantea, bonbina eta pipak salatuta, -¡Zipaio el que no booooote!- errepikatzen hasi zen bertako gazteria.

            Denen artean airean altxa zuten, Tomaxek –Zipaio ez, detektibe!!, De-tek-ti-be!! - oihukatzen zuen bitartean eta rock izarren modura eskuz esku zeramatela, eskenatokian bere txikitako lagun Peru ikusi zuen baxua jotzen. Konturatzerako gaztetxeko atetik kanpora jaurtiki zuten eta tripaz gora etzanda geratu zen, luze.

            Argi indar kablean zintzilik zeuden zapata pareei begira geratu zen eta haien ondoan, gitarra soka zaharrez lotuta zeuden bost oin pareei; guztiak behatz lodirik gabe. “Putzuzulo…Nonbaiten eskegi…” Kaka!

            Etsita, lurretik jaiki eta automatikoki bertso paper berri baten bila hasi zen. Norbaitek, oraindik lurrean zegoen bere bonbinean txintxeta batez josi zion:

 

            Ondo zabiltza Tomax

            gertuago zaude

            Izozkailu haundi bat

            erostea hobe

            ez orekarik galdu

            ibil zaitez trebe

            iritsiko al zara

            irrist egin gabe

                                   666