BERTSOKILLER-A ZARAUTZEN (VI)

Erabiltzailearen aurpegia Ander Ubera 2021ko uzt. 23a, 22:34

Krimen eta misteriozko istorio laburra. 10 aste, 10 kapitulu.

 
 

“Bost oin pare zintzilik, Putzuzulo gaztetxeko atarian.”

                                                                                  -Zarauzko Hitza-

Gaztetxetik etxerako bidea hartu eta buruan susmagarri nabarmen bat irudikatu zitzaion, baina oso gaitza egiten zitzaion sinestea.

  1. Zarauztarra, Errekondo ezagutu zezakeena: Peru.
  2. Parketik gitarra (edo baxua izan zitekeen...) funda batekin pasa zen pertsona: Peru!
  3. Gitarra sokez lotutako oin pareak: Peru!!
  4. Bertsoen sinadura (666) eta talde sataniko bateko baxu jole (“infernuan erre daitezela”): Peru !!!

            Posible ote zen ordea, bere txikitako lagunak halako sarraskia egin eta berari halako buruhausteak pasaraztea? Zergatik ordea? Urteak igarotzearekin erlazioa nabarmen hoztu zen baina oraindik laguntzat zeukan, beraz, ez zuen halako mendeku arrazoirik inondik topatzen. Ez zuen froga zehatzik, baina aztarna guztiek Peru zuten jomuga.

            Zalantzak barrua jan aurretik, arazoa sustraitik heltzea erabaki eta kontzertua amaitua izango zela kalkulatu zuen ordua izan arte itxaron, eta telefonoz deitu zion.

            -Gabon Peru – hasi zen Tomax.                                  

            -Hombreeee aspaldiko!! Ze esatek pa? Uaintxe parrandan harrapatzeiak baño a ver noiz geatze gaituken birra batzuk hartzeko!!

            -Eh...bai...noski... Peru, zuzenean galdetuko diat. Hi al haiz, herrian gorpu zatiak barreiatzen ari dena?

            -Ehhhhhh?? Ze ostia esatek hi? Baño nola dakak hori pentsatzia? No me jodas, hi! Ze ustek, beltzez jantzita jute naukelako ya sikopata bat naukela o ze?! Benga, benga, nahikua yau. Jun hai lota, burua eztakak ondo ta. Ah! Ta birrana ahazu zak, kabroia!

            Lotsatuta, telefonoa eskegi eta begirada galduta, emazteak ohetik jaikita frijitu zizkion oilasko hego batzuk jan zituen, baita gizona hain absente ikusita probestuz, haiekin batera frijitu zizkion behatzak ere. Haurren pure tuperrak izozteko lekua izateak ez ote zuen ba lehentasuna izango!

            Guztia hasi zenetik gauero bezala, ohean sartu, begiak zabal zabalik sabaiari begira ordu gutxi batzuk igaro eta goizean goiz kalera irten zen berriz ere. Goiz hartan jada, ez zuen aztarnak bilatzeko indarrik, ezta azken bertsoaren esanahia asmatzeko buru argitasunik ere. Peruk esandakoa esanagatik, haren izena iltzatua zuen garunean eta norantzarik gabe kalean bueltaka zebilen, hurrengo kolpea nondik etorriko zain.

            Sarritan egiten zuen bezala, Nautikon kafea hartu eta Xabatekin hitz gutxi batzuk gurutzatu ondoren, inguruko gaupaseroei galdera batzuk egitea ideia ona izan zitekeela otu zitzaion. Izan ere, gehienak mozkorrak egon arren, sarritan ordu txikitan gertakari bitxiak ikusi edo entzun ohi zituzten.

            Txanelara bidean, Kukaña aurretik igaro zen. Kukaña aurretik, Kukaña...KUKAÑA!!

“...ez orekarik galdu, ibil zaitez trebe, iritsiko al zara, irrist egin gabe”. Arrapaladan, tabernara sartu, lurrean txiribuelta bat emanaz taberna zaintzen zuen belatzaren erasoa ekidin eta txoko guztiak miatu zituen lasterka batean, baita komunak ere.

 -Ezer ez!-.

Barmanari tximetatik heldu, barraren aurka hiru kopeteko eman eta -Nun ziok, nun ziooook!!- oihukatu zion aurpegitik bi milimetro t’erdira.

-Zeeer? Komuneko papelaaaa??!!

-AAARRRGHHH!!!!- Tomax-ek etsita, langilea askatu eta “matxakau” bat eskatu zion penak itotzeko. Han ez zegoen ezeren aztarnarik. Okerreko ondorioa atera zuen itxuraz.

            Matxakauari barran kolpea eman orduko, ertzaintza patrulla baten sirena ziztu bizian igarotzen entzun zuen.  

            Portuko kukañatik zintzilik, mutilaturiko gorpu bat aurkitu zuten. Ez oin, ez buru. Haren eskumuturretik zintzilik, bertsoa.

           

Larri xamar zabiltza

zu Tomax tunante

iraun ezazu behintzat

beste egun bete

Hitzatik haratago

aipatuko naute

azkena izango da

zu ikusi arte.

                        666