Zarahitzen egoitzaren aurkezpena, martxoaren 9an

Erabiltzailearen aurpegia Zarahitz 2017ko mar. 2a, 13:45

Herri galdeketa egin bitartean egoitza izango du Zarahitz herri ekimenak, Zigordia kalean. Martxoaren 9an zabalduko dugu, 19:00etan, eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu ekitaldira. Bertan, hurrengo asteei begira aurreikusita dauden ekimenen berri emango dugu.

Hilabete eta ekintza batzuk joan zaizkigu, jada, urriaren 25ean ZaraHitz herri ekimena aurkeztu genuenetik eta dagoeneko herri galdeketa bera itxura hartzen doa.

Maiatzaren 7an izango da eta galdera zehatza hau izango da:

“Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritar izan?”.

Galdeketa egin ahal izateko ezinbestekoak ziren 2.300 sinaduren langa gainditu (erroldaren % 10a) eta 3.100 sinadura baino gehiago bildu ditugunez, badugu pozik egoteko arrazoirik. Esan gabe doa kopuru hori zuetako askoren ekarpenari eta laguntzari esker lortu dugula. Mila esker, bene-benetan.

Oraingoan, deialdi berri batekin gatozkizu: hurrengo martxoaren 9an, 19:00etan, herri galdeketa egiten den arte Zigordia Kalean irekiko dugun egoitzaren aurkezpenera gonbidatu nahi zaitugu. Bertan, hurrengo asteei begira aurreikusita dauden ekimenen berri emango dizuegu. Amaieran, eta ohitura onei jarraituz, elkarrekin mokadutxo bat jateko tartea ere izango dugu.

Eguna: martxoaren 9a.
Ordua: 19:00.
Tokia: Zigordia kalea, 16.

Oharra: antolaketa kontuak direla eta, eskertuko genuke zuen bertaratzea aldez aurretik baieztatuko bazenigute.