Zorionak eta eskerrik asko zarauztarrei, egindakoagatik eta lortutakoagatik

Erabiltzailearen aurpegia Zarahitz 2017ko mai. 9a, 14:34
Pasa den herri galdeketaren inguruan Zarahitz herri ekimenak egindako balorazioa da honakoa:

Pasa den igandean, zarauztarrek erabakiaren bidean atzera bueltarik gabeko urrats historikoa egin zuten. Aldez aurretik botoa emanez, edota igandean bertan herriko hainbat gunetan jarritako hauteslekuetan, 4.865 zarauztarrek demokraziaren eta herritarron burujabetzaren aldeko jarrera erakutsi zuten.

Azken hilabeteotan lan handia egin dute herritar ugarik, eta maiatzaren 7ko herri galdeketa posible izan zedin, modu batera edo bestera, 200 lagun baino gehiago aritu dira lanean. Erabakitze eskubidearen eta demokraziaren aldeko olatua sortzeko gogoa adierazi genuen urriaren amaieran Zarahitz aurkeztu genuenean. Gure Esku Dago herri ekimenak Zarautzen egindako lanaren uzta jasotzea erabaki, eta herri galdeketa antolatzeko asmoarekin sortu zen Zarahitz. Horretarako baldintzak sortu ditugu hilabete hauetan: bidelagun izan diren herritarrak antolatu, arlo ezberdinak koordinatu, herritarren babesa lortu, egin nahi genuenaren berri eman eta, batez ere, eremu oso anitzetara heltzeko inurri lana egin.

Aldarri batekin sortu genuen Zarahitz: herri honi hitza ematea, bere etorkizun politikoa libreki erabaki dezan. Eta igande honetan praktikara eraman dugu Zarautzen, modu sinbolikoan bezain zilegian. 4.865 herritarren botoak jaso ditugu hautetsontzietan. Bozkatzeko aukera zuten zarauztarren %24,87.

Gustura gaude lortutakoarekin eta, batez ere, egindako bidearekin. Herritarrak ahalduntzeko ariketa handia izan delako. Adostasunetan sakondu dugu, elkarrekin lanean aritzen ikasi dugu, eta babes zabala lortu dugu. Olatua sortzeko ekimenari babesa adierazi dioten herritarrak, sariak eman dituzten dendariak eta ostalariak, Zarahitzen baitan modu batera edo bestera lanean aritu diren guztiak, berme batzordeko kideak eta begiraleak, igandeko herri galdeketarekin bat egin duten alderdiak eta sindikatuak, antolatu ditugun ekimenetan parte hartu duten gonbidatuak eta etorri diren entzuleak, gure lanari oihartzuna eman dioten hedabideak, sare bideetan zabaltzeko lagun izan ditugunak, azken hilabeteak zein igandeko ekitaldiak girotu dituzten musikariak, eta hauteslekuz hautesleku botoa eman duten 4.865 zarauztarrak. Guztien artean erabakitze eskubidearen eta herri honen etorkizun demokratikoaren aldeko olatu handia sortu dugu.
Emaitza igandean Zarautz hartu zuen giro ederra izan zen. Boto bakoitzaren atzean zegoen ilusioa eta aldarri demokratikoa herrian barrena zabaldu zuen olatua.

Beraz, zorionak zarauztar guztiei egindakoagatik eta lortutakoagatik.
Eskerrik asko, eta aurrera!