Iritzia: Aizarnazabalgo olatu artifizialen aparra

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2020ko urr. 15a, 09:28

Hemen irakurgai Urola Kostako HITZAko 'Puntuka' atalerako Aitziber Sarobe biologoak idatzitako testua. Oraingoan, Wavegarden enpresaren proiektuak eta horien eraginak izan ditu hizpide.

Zur eta lur gelditu ginen 2010. urtean, Urola errekan, Iraetatik Aizarnazabal bitartean errekak egiten dituen meandro zoragarrietan egiten ari ziren txikizioa zertarako zen ulertu genuenean: olatuak sortzeko, alajaina! Ingurumen babeserako legedi osoa irauliz, non eta Aizarnazabalen, surfean aritzeko olatuak sortzeko azpiegitura erraldoia eraiki zutela ikusi genuen. Euskal Herriak kostalderik eta olaturik ez balu bezala, errekak ere horretarako txikitu daitezkeela onartzen dute gure agintariek. 

Wavegarden enpresak bere webgunean (wavegarden.com) oso ondo azaltzen du nola hasi eta garatu den enpresa hau: espainiarrez, ingelesez, alemaniarrez eta frantsesez. Euskaraz ez baitago hitz bakar bat ere, eurek diotenez "Espainiaren iparraldean", esan nahi baitute, Gipuzkoan, kokatuta dagoen enpresa honi buruz. Argazki bidez erakusten da noiz eta zergatik hasi ziren azpiegiturak eraikitzen Urola errekaren ibai ertzean, natur kontserbazioaren ikuspegitik, eta onura publikoari begira, zentzugabekeria eta ingurumen eraso larria irudi politez erakusten dutelarik. 

Enpresa honen justifikazioa, hondartza eta labar biziak dituen kostaldean zalantzazkoa bada, erreka bazterrean, errekako ura baliatuz, eta natur ikuspegitik balio handiko meandroetan, ulertezina da. Azpiegitura honi begira, administrazio publikoek natur ondarearen eta bioaniztasunaren zaintzarekiko duten ardura guztiz baztertu dutela esan daiteke: udalak, baimena emanda; Aldundiak, ibaietako ekosistemak eta bioaniztasuna babesteari uko eginda; Urak, halako eraginak onartuta; eta Jaurlaritzak, Urola Kostakoko PTPan ekimen industrial honi leku eginda. Gutxi batzuen epe laburreko interes pribatuen mesedetan, natur ingurunean halako inpaktua eragitea onartezina da.

Proiektu honen nolakotasuna atzerrian izandako arrakastak erakutsi zigun, hein batean. Izan ere, Aizarnazabalgo Wavegarden horretan erabilitako teknologiarekin, besteak beste, Brasilen, Galesen edo Korean azpiegitura berriak egin(go) zituztela eta, hasi ginen ulertzen enpresak duen ikuspegia, eta euren orrian irakurrita, misioa; surfa ez baitago zertan olatuak sortzen diren ur ekosistemetara mugatu. Enpresa honen ikuspegitik, teknologiarekin edozein ur masa balia daiteke olatuak sortzeko. Ingurumen eraginez hitz bakar bat ere ez da aipatzen webgunean; are gehiago, ematen du surfa egitea jasangarria dela berez, ingurumenarekiko errespetuzkoa. Inguru naturalak ematen duen askatasunaren usaina hartzen zaio euren propagandari, kirol horretarako halako dimentsioa duten azpiegiturak egitea normala balitz bezala. 

Ez, ez gara ohitu Aizarnazabalgo Wavegarden hori ikustera. Baina, horrela beharko duela etsitzen hasiak geundela, hara non jakin dugun Quiksilver enpresaren ekimenez, horrelako beste astakeria bat eraiki nahi dutela Donibane Lohitzunen. Herri horretako hirigintza planetan azpiegitura hori sartzeko ahaleginetan dabiltzala eta, irailaren 29an, Lapurdiko Getarian hainbat surflari elkartu zirela jakin dugu Surf Park Saint Jean de Luz NON aldarriarekin, proiektuaren kontrakotasuna agertzeko. Ez baita txantxa! Aurreikuspenen arabera, 130 metro luzeko pistina horrek 37.000 metro kubo ur baliatuko lituzke urtean olatu ertain eta handiak sortzeko. Nola ez, inguruan hotelak eta merkataritza-zentroak eraikitzea eta 600 lanpostu sortzea ere agintzen dute, horrelako proiektuak saltzeko egiten dituzten proposamenetan ohikoa denez. Hedabideetan entzundakoaren arabera, Rame Pour Ta Planète edo Surf Rider Fondation bezalako elkarteek eta Herriberri ekimenak proiektu honen kontrako sinadura bilketa abiarazi dute. Lapurdiko kostaldean harrabotsa sortu du, zorionez, oraindik paperetan baino egituratu ez den proiektu honek.

Harroa da Aizarnazabalgo olatua. Gure herrian eragin dituen eta eragin nahi dituen kalteak gutxi, eta bere aparrak mundu osoan zabaltzeko grina du. Olatu  artifizialak eraikitzeko azpiegitura hauek, ordea, izan lezakete lekua horrelako ingurumen kalterik eragin gabe. Zergatik ez dituzte lehendik urbanizatutako eremuak baliatzen horrelako proiektuak egiteko? Zergatik ez erabili igerilekuak edo bestelako kirol azpiegiturak, industrialdeak edota bestelako hiri eremuak horrelako proiektuak egiteko? Teknologia hau baliagarria eta erakargarria bada kirol hori maite dutenentzat, zilegi da lekua egitea, eskatzen duten bezala, baita Olinpiadetan ere. Baina, onartezina dena da eremu naturaletan berezkoak diren elementuak, olatuak, erreplikatzeko ingurune naturalak horrela kaltetzea. 

Aizarnazabalerako berandu da, baina Donibane Lohitzunen garaiz gabiltza eta espero dezagun Surf Park hori egiteko egitasmoa bertan behera uztea. Ez dugu horrelako proiekturik nahi: ez surfaren izenean, ezta garapen ekonomikoaren izenean ere.