Herritarren eta administrazioaren erantzukizunak

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2021ko ots. 18a, 11:17
(Lorentxo Portularrume)

Zoritxarreko pandemiak zientzialariak gerturatu dizkigu zorionez. Geure erantzukizuna da bereiztea kontsentsu zientifikoaren ikuspegitik datozkigun irizpide edota aholkuak, eta adituok ere, eskubide osoz, dituzten uste eta iritzi soziopolitikoak. Komunitate zientifikoak dioena jaso eta barneratuz, erakunde publiko demokratikoek proposatzen edo agintzen dutenaren erantzule gara denok, bakoitza geure neurrian, osasuna gizarte osoaren kontua eta ardura baita, inoiz bada, pandemia garaian». Urtarrilaren 31n Berria egunkarian argitaratutako M. Josune Ariztondo Akarregiren Pandemia zientzia eta gu iritzi artikulutik ateratako hitzak dira horiek. Ez nago ados iritzi horrekin eta zergatia azaltzea da artikulu honen helburua.

Politika publikoetan oso maila ezberdinean daude herritarron eta administrazioaren ardurak. Herritarroi gure eskubideak aldarrikatzea eta jarriak zaizkigun betebeharrei erantzutea dagokigu; administrazioari herritarron eskubideak bermatzea eta betebeharrak betearaztea. Hori nola egin ez dago idatzita, are gutxiago adostuta. Hauteskundez hauteskunde gure ordezkari izateko zerrendak osatzen dituzten alderdi politikoek ez dute argitzen, euren programetan, nola banatu nahiko luketen boterea lortuz gero, nola antolatuko luketen administrazioa, eta ezta ere, zein irizpideren baitan hartuko lituzketen politika publikoetan eragina izan dezaketen erabakiak. Aipatutako artikuluan pandemiak zientzia eta zientzialariak hurbildu dizkigula aipatzen da. Ez dut ukatuko hedabideetan inoiz baino gehiago ikusi ditugunik, baina zalantza handiak ditut haien irizpide eta ezagutzak kudeaketa publikoan izan duten eraginaren inguruan. Hainbati entzunda, ez du ematen kasu askorik egin zaienik.

Osasunaren mundua ez dut hurbiletik jarraitzen, baina ingurumenarena eta natur kontserbazioarena bai, eta hor ez daukat zalantzarik: ikerketa eta ezagutza zientifikoari bizkar emanda kudeatzen dira gure ingurune naturala eta bioaniztasuna, gure herrian. Bi adibide nahikoak ditut baieztapen potolo hori berresteko: Gipuzkoan babestuta dauden eremu naturaletan (parketa naturalak, biotopoak, Kontserbazio Bereziko Eremuak…) ez dago ondare naturala eta bioaniztasuna ikertzeko plangintzarik, ezta aurrekonturik ere. Deialdi publikoen bidez, Eusko Jaurlaritzako Bioaniztasuna sailetik, eta inoiz, Foru Aldundiko sail ezberdinetatik bideratzen dira sos apurrak elkarte eta ikerketa jakinetara. Baina Europako LIFE proiektuak salbu, lasai batean esan daiteke ez dela pisuzko ikerketarik sustatzen. Horren adibide da Natura 2000 sarearen egoera: babestutako natur eremu bakar batean ere ez da jarri intereseko habitaten egoera aztertzeko eta hobetzeko egitasmorik. Bestalde, azpimarragarria da Euskal Herrian ez daukagula bioaniztasunaren ikerketa zentro nazionalik; alegia, ez daukagu gure bioaniztasunaren bilakaera nolakoa izaten ari den jakiteko erreferentziazko zentrorik. Arlo horretan egiten diren ikerketak ez daude inon zentralizatuta, eta beraz, ez daukagu gure lurraldean bioaniztasunarekin gertatzen ari denaren jarraipena nola egin.

Ondorioz, zilegi da natur ondarea kudeatzeko teknikari eta arduradun politikoek zer irizpide baliatzen dituzten galdetzea. Zeren baitan lehenesten dira babestutako eremuen jarduera erabilerak? Zer irizpiderekin erabakitzen da aurrekontuetan, eremu horietan mendizaleen, abeltzainen, egurzaleen … interesak lehenestea? Nola eta zer irizpideren baitan arautzen da abereen kopurua eta tipologia larre publikoetan? Zer ezagutzatan oinarritzen dira basogintzarako arauak? Zer irizpideren baitan ezartzen dira ehizarako edo arrantzarako baimenak? Beste hainbat galdera egin daitezke; baina, alferrikakoa da esfortzua, irakurle, ez duzu eta erantzunik jasoko. Eskatuta ere, ezin eskuratu, ikerketa eta irizpide teknikoak behar baitira galdera horiei arrazoizko erantzunak emateko, eta hori entzun ere ez dute egin nahi arlo horien ardura duten zuzendari eta arduradun politikoek. Horregatik dira hain hutsalak eta eraginkortasunik gabeak herritarren parte hartzerako eskaintzen zaizkigun espazioak.

Ikertzaile bikainak dauzkagu, osasun arloan bezala, ekologian. Aitortza gutxirekin, bioaniztasuna kontserbatzeko ezagutza sortu eta plazaratzeko etengabeko ahaleginak egiten dituzte askotariko foroetan. Ez da hori arazoa. Alta, administrazioak aldarrikatzen duen «gobernantza irekia eta kolaboratiboa gobernuen eta gizarte zibilaren arteko harreman eta lankidetza forma berrietan oinarritua» kea da arlo honetan, itxurakeri hutsa. Gure administrazioaren kudeaketak interes pribatuak faboratzen ditu, dirulaguntzak gure osasuna baldintzatzen duen ondasun naturala ustiatzera bideratuta daudelako, ez bioaniztasuna babestu eta berreskuratzera, alegia, gure osasuna zaintzera.

Horregatik ez nago ados Ariztondo andreak dioenarekin. Ni ez naiz interes pribatuak onura publikoaren kaltetan defendatzen dituen administrazioak proposatzen eta agintzen duenaren erantzule. Ez, ni ez naiz gure erakunde publiko demokratikoek proposatzen edo agintzen dutenaren erantzule. Ezta inondik inora ere!