Osakidetzak gaixotzen nau

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2021ko eka. 24a, 16:00

Egun hauetan, euskaldunon osasun mentalarekiko ardura erakusten duten artikuluak irakurri daitezke han eta hemen. Telebistan eta irratian ere, ahoz aho dabilen kontua da; gaztetxo, gazte eta ez hain gazteak hartu dituzte jomugan, urte eta erdi luzean bizi dugun ez-ohiko garai honek tristetu, abaildu eta akitu omen gaitu eta.

Ez naiz osasun kontuetan aditua, baina ezin tentazioari eutsi. Azkenaldian, aspalditik hasita,  pandemia honen harira, agintari politikoak hartzen ari diren erabakiak ulertu ezinik, ondorio normala delakoan bainago, ni ere.

Pandemiak berak baino, pandemia honen kudeaketak kezkatzen nau di. Erpin askotatik azter daitekeen kontua da inondik ere, eta izango dira ni baino adituagoak honetan arituko direnak, COVID-19aren Liburu Zuria (https://covid19liburuzuria.eus/eu/) idatzi dutenak, kasu. Artikulu honetan, baina, Osakidetzako lehen mailako arretan jarri nahi nuke arreta; entzun, ikusi eta bizi izan dudanak merezi duelakoan: bizipen bakarrarekin egoera orokorraren analisia egitea iruzurra dela jakinda ere.

Pandemia hasi zenetik, ez dago ukatzerik anbulatorioetan (gainerako osasun zentroetan bezalaxe), egoera zaila bizi izan dutela. Osasun arloko teknikari eta arduradun politikoak  ez ezik, gainerako langileak ere ezustean harrapatu zituen osasun-krisi honek eta, nola edo hala, egoerara moldatu behar izan dute. Egoerak baina, luze dirau, eta izan dugu denbora, ustez hain ondo funtzionatzen zuen eta, gurean ez ezik, atzerrian ere goraipatzen omen zuten gure osasun-sistemaren (Rafael Bengoa, Eusko Jauralitzako Osasun Sailburua izandakoari behin baino gehiagotan entzundakoa da), arrakalak ikusteko.

Ospitaletako datuak zabaldu dira hedabideetan, larrialdi zerbitzuek eragindako kezka eta beldurra erakutsi zaigu eguna joan eta eguna etorri, hala behar zuelako. Hedabide horietan, baina, ezer gutxi aipatu da lehen mailako arreta zerbitzuetan gertatutakoari buruz.

Askotan esan zaigu, eta ez daukat zalantzarik, lehen mailako arreta zerbitzua dela osasun-sistemaren kalitatearen adierazle onena. Zerbitzu hori indartzeak ematen du aukera, larriagoak  eta beraz, garestiagoak bihurtu daitezkeen gaixotasunei aurre hartzeko. Alegia, pertsonei, euren osasuna zaintzen erakustean jarriko balira indarrak, haiek sendatzeko baliabideak (pertsonalak eta materialak) aurreztuko lirateke.

Osasun sistemak baditu aukerak horretarako. Hasteko, astez aste arreta osoa eskaini zaion Osasun Sailburuak izan du aukera, muturraren aurrean jarri dioten mikrofonotik helburu horri begirako gomendioak eta argibideak emateko. Pentsa liteke berak, edo bere teknikariek, badakitela osasuna zaintzeko gutxieneko ohitura eta baldintza egokiak zeintzuk diren. Ez badakite, informazio non bilatu erakustea litzateke beste modua. Hedabideen arreta faltari ezingo diote egotzi, oraingoan, gai hauen inguruko interes falta.

Bestalde, herritarrengandik hurbilen dagoen osasun etxeari, telefonozko elkarrizketa baino arreta arduratsu eta serioagoa eskatu ahal zaiolakoan nago; egun bederen. Urte eta erdi bada denbora, zerbitzua berrantolatu eta gaixo gaudenean ezinbestekoa den hurbileko arreta eskaintzeko baliabideak jartzeko. Ez dakit erizainak eta sendagileak falta diren; baina, seguru nago leihatilen atzean lan egiten duten administrariak hezteko nahikoa denbora izan dela. Haiek ere falta dira beren lekuetan, sikiera eskean doan jendea lasaitu eta bideratzeko. Ez da itxurosoa anbulatorioetan sartu ezinik, laguntza eske joandako pertsonak “lepradunak” bailiran ikustea kanpoan zain, inoiz eguzki galgatan eta hurrena euritan, aterki azpian.

Hau guztia amorragarria izanagatik baina, bada niretzat kezkagarriagoa den kontua. Oraindik ere telefono bidezko arreta lehenesten du Osakidetzak. Gaixo dagoenari sintomatologia telefonoz galdetuta ari dira sendagileak gaixoak artzatzen. Pandemia baino lehen, aurrez aurreko arretari eskaintzeko nahikoa denbora ez zegoela eta, horrek diagnostiko zuzenak egitea zailtzen zuela esaten baziguten, zer espero daiteke telefono bidezko diagnostiko horietatik? Ze alde dago hortik, Interneten diagnostiko bila hastera?

Noski, kasualitatea izango da, baina hurbiltzea egokitu zaidanetan hauxe lehen hitza: “ A qué ha venido?” Euskarak ere ihes egin du anbulatorioetatik, antza. Eta ez anbulatorioetatik bakarrik, baita telefono zentralitetatik ere. Noski, txertoarentzat aurretiko ordua hartzera webgunera bazoaz, lasai hartu euskaraz aritu nahi baduzu, oraintxe bai eta gero ere bai, lehendabizi gaztelaniazko bertsioa izango duzu bistan. Tematzen bazara, lortuko duzu.

Ez da harritzekoa panorama honen aurrean, euskaldunek Biarritzera joatea erabaki izana han hobeto eta azkarrago lortuko duelakoan txertoa. Gertaera honetaz galdetuta, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak esan berri du: ”bakoitzaren aukera librea da Frantziako lurraldera joatea” (Es una opción libre de cada uno ir al territorio francés). Nor naizen eta non bizi naizen aitortzen ez didanak sendatu ez, gaixotu egiten nau. Horregatik agian, ez dut askorik espero gure osasun sistema honetatik. Sendabidea baino, ez dakit galbidea bihurtu ez ote den.