Iritzia: 'Hondakinak eta Eusko Jaurlaritza'

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2021ko aza. 6a, 13:00

Irakurri hemen Urola Kostako HITZAko aste honetako Puntuka atalean, Aitziber Sarobek idatzitako iritzi artikulua.

Hedabideetan irakurri ahal izan dugunez: «Lakuak EAEn datozen hamar urteetan sortzen diren hondakinak %30 murriztu nahi ditu, eta ez-arriskutsutzat jotzen direnen %85 berrerabili, bigarren mailako material bihurtuta».

Astearteko Gobernu Kontseiluak, 2030erako Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko Planean jasotako helburuetatik onartutako bat omen neurri hori; 97 milioi euroko inbertsioarekin gauzatuko diren neurrietako bat, hain zuzen.

Pozgarria, benetan, neurria. Ezin ahaztu, ordea, gai honen inguruan Lakuan agintzen duen EAJ alderdi politikoak erakutsi duen arduragabekeria. Zaldibarko hondakinekin kakaztu arte, ez baitu serio hartu hondakinekin genuen eta daukagun arazoa. Argi dago herri honetan EAJren zain egon behar dugula, ingurumenarekin arduratsua den gizarte moderno bati dagozkion politikak diseinatzeko eta gauzatzeko. Izan ere, Lakuak orain hartu dituen neurriak aurreko hamarkadan gauza zitezkeen Gipuzkoan, EAJk horien alde egin balu.

Horregatik, hondakinen kudeaketatik eratorritako negozioetan eragin nahi ez izateagatik sortu zen Gipuzkoan, Zubietako errauskailuaren bueltan, iskanbila. Hura guztia ez genuke ahaztu behar, ez politikakeria hutsagatik soilik, baita eremu horretan orain ari direlako pairatzen errauskailu horren eraginak. Administrazioaren kudeaketaz fidatu ezinik, herritarrak errauskailuaren isuriak neurtzeko ikerketa paraleloa diseinatzen eta gauzatzen ari dira. Europako adituek lagunduta, laginak han eta hemen hartzen ari dira errauskailuaren benetako eraginak modu zientifikoan neurtzeko. Horretaraino eraman gaituzte EAJk bere agintepean, modu interesatuan eta ilunean kudeatzen dituen administrazioek. Errauskailu hori ez zen eraikiko, baldin eta herrialde osoan abian zen hondakinen pilaketaren aurkako eztabaidara EAJ alderdi politikoa modu eraikitzailean batu izan balitz.

Zientzialarien datuei begira, berandu gabiltza mundu mailakoa den krisi ekologiko globalari aurre hartzeko. Natur ingurunearen eraldaketa, bioaniztasunaren galera, mota guztietako kutsadurak eta hondakinen pilaketa dira krisi horren arrazoi nagusiak. Horrek guztiak, baina, Lakuak argitan jarri nahi ez digun jatorria dauka: kontsumoa. Etengabeko hazkuntzan oinarritzen den kapitalismo basatiak egituratzen duen kontsumo gizartea da krisi honen jatorria eta, horixe da Lakuak ezkutatu nahi diguna. Egungo ekonomia-ereduarekin batera ezina da hondakinen murrizketa. Kontsumo maila jaisten ez badugu, propaganda hutsa izango dira 97 milioi euro horiek.

Berri pozgarri hau, Arantza Tapia Ingurumen Sailburuak eman digu, Azpeitiko Udalarekin bezala, orain Bergarako Udalarekin liskar bizian den sailburuak. Beste behin, udalen eskumenen gainetik gauzatu nahi ditu Jaurlaritzaren interesak. Larria da sail honen jarduna tokiko administrazioen aurka. Etengabeko errespetu falta erakusten ari da Jaurlaritza, udalek jarduera baimenak emateko duten eskumenaren kontra.

Kasu honetan, Bergaran alkatea salatzen ari dena ez da txantxa: esan berri du papergintzan sortzen diren hondakinak tratatzeko planta egiteko ekimenari onespena emateko prozesua informazio okerraren gainean hartu zutela. Alegia, baimen hori tramitatzerakoan konturatu direla enpresak ez zuela beharrezkoa zen informazio guztia eman. Udalak kanpo adituak kontratatu behar izan ditu, teknikoki konplexua den informazio hori behar bezala ulertzeko eta erabakiak hartu ahal izateko. Hala ere, egoera honetan, Arantza Tapia Ingurumen Sailburuak esan du ingurumen eraginen aldeko txostena egiteko moduan daudela. Herritar bezala, kezkatu ez ezik, ezinbestekoa da sail honi argibideak eskatzea. Bergarako auzotarrak bildu dira horretarako eta udalari haiekin elkarlanean aritzea dagokio.

Bergaran Valorgreene Paper CC SL enpresak sortu nahi duen hondakinak kudeatzeko plantak papergintzan sortzen diren hondakinak kudeatu nahi ditu. Hondakin horiek gurean publikoki salatu eta erakutsi diren kalteak eragiten ari den monolaborantzan oinarritutako basogintza intentsiboak sortutako egurraren prozesamendutik datoz; batez ere, eukaliptoarenetik. Bada, zalantzan jarri beharrekoa ez da planta horren baimena bideratzeko prozesu administratiboa bakarrik, baita hondakin horien sorrera bera ere. Era sistematikoan ulertu behar dira hondakinak, kontsumo ereduaren ondorio gisa.

Idatzi honen hasieran aipatutako agerraldian, hondakinen kudeaketarako beste hamar bat azpiegitura sortu beharko direla esan zuen Ingurumen sailburuak. Espero dezagun Bergaran baino zintzoago, argiago eta eraginkorrago aritzea proposamenak egiterakoan. Gainerakoan, ez bedi inor harritu herritarrak eta natur kontserbazioaren aldeko eragileak zein talde ekologistak kontra azaltzea eta aritzea. Gure egitekoa da.