Angulak sansebastianetan

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2022ko ots. 3a, 10:19

Hona hemen Aitziber Sarobe Egigurenek Urola Kostako HITZAko 'Puntuka' atalean idatzitako artikulua. 

Angulak platerean ikustea da hainbaten ametsa sasoi horretan. Hori entzun eta ikusi dugu gure herriko hedabide nagusienetan. Nola Donostian, hala inguruko kostaldeko herrietan, normalnormal hitz egin dute arrantzaleek ez ezik, saltzaileek ere, angularen salerosketari buruz. Tradizioa omen!

Angulak desagertzeko arriskuan dagoen arrain espezie baten umeak dira: aingirarenak, hain zuzen. Angulak egiten duen prezioan besteko arreta jarriko balute hedabideek aingiraren bizi-zikloa erakusten, gaur egun inork ez luke hori zalantzan jarriko; besteak beste, bizidun harrigarri horren bidai txundigarriak ezagutuko genituzkeelako.

Patrik Svensson kazetari suediarrak modu zoragarrian jaso ditu historian zehar aingiraren inguruan sortutako misterioak The Gospel of the Eels liburuan (El evangelio de las anguilas, gaztelaniako itzulpenean). Izan ere, Ozeano Atlantikoan, Sargazoen itsasoan aingirek errundako larba txiki ikusezinek metamorfosi ikusgarriak izango dituzte beren bizitzan zehar. Hala, itsas korronteek, Sargazoen itsasotik Europa eta Afrika iparraldera hurbilduko dituzte milaka kilometrotan zehar, bertan angulen forma hartzeko. Arrainkume horiek, ibaietan gora igoko dira itsasotik, hegazti hanka zein mokoluzeek hain gustuko dituzten aingira horiak bihurtzeko. Ernaltzeko garaia iritsitakoan, hainbat oztopo gaindituta (kutsadura, arrantza, era guztietako tramankuluek eragindako kalteak …), itsasorako bidea hartuko dute berriz, eta Sargazoetara iristerako aingira grisak bihurtuko dira. Norvegia iparraldetik eta Europa-Afrika iparralderaino zabaltzen den Europako aingiraren populazioa bakarra dela ulertu behar da.

Aingiraren misterioa ez da oraindik guztiz argitu. Baina, badira zientziak urtez urte neurtu dituen bi ebidentzia: lehena, angulak aingirak bizitako erreketara bueltatzen direla. Bigarrena, gero eta aingira gutxiagok bizirauten dutela, eta horregatik, gero eta angula gutxiago kontatzen (harrapatzen) dituztela.

Angulak gure errioetan gora noiz egiten duten badakite arrantzaleek. Lehorretik, zein txalupatik aritzeko, ondo baino hobeto zaintzen dituzte arrantzarako baldintzak. Hedabideek errespetu handiz erakutsi digute tradizio luzekoa omen den liturgia: neguko gau luzeetan, ilargi betearen argipean, poz pittinaren ordainetan pasatutako hotza. Baina, tradizioari jarraiki, etxerako angulak biltzen dituztenen atzean ezkutatzen den errealitatea ez da folklore hutsa. Berriki jakin dugu Algeciras-eko epaitegi batek 7 milioi euroko zigorra ezarri diola Marokora 65 kilo angula eramaten saiatu zen gizon bati. Gertaera hari tiraka, Txinara angulak eramaten zituzten gaizkilesarea desegin zuten: uste da, 2016tik 2018ra bitartean, 37,5 milioi euroko irabaziak pilatu zituztela. Atzera eginda, iazko ekainean, Barajas-ko aireportuan, Guardia Zibilak 300 kilo angula zeramatzatela atxilotu zituzten sei pertsona. Sarekada hari buruzko berrietan irakurri genuenez, "harrapaketa hartan kaltetuena izan zen erkidegoa Kantabria izan zen, Asturiasekin eta Euskadirekin batera, non espezie honen arrantza tradizionala den".

Harrigarria bada ere, gure kostaldea da Europa osoan angula aisialdiko arrantzan baimentzen den lurralde bakarra. Lizentzia hori daukagu euskaldunok: desagertzeko arriskuan dagoen espezie baten arrainkumeak aisialdiko arrantzan harrapatzekoa. Tradizioaren izenean, noski.

Araututako arrantza dela argudiatzen dute arrantzaleek, lizentziak mugatuak direla. Nork zaintzen ditu, ordea, harrapaketa horiek? Sinetsi behar dugu, harrapaketari neurria hartzeko gaitasunik ez izateagatik, soberan gelditutako angulak simaurretarako erabili izan diren herrian, besterik gabe autokontrola gailenduko dela?

Ez da kasualitatea, gurean ere, Guardia Zibilak zelatatuta izana delitu horiek. Eusko Jaurlaritzako arrantza sailak ez du erakutsi inoiz, ikertzaileen gomendioak (AZTIren txostenak begiratu besterik ez) jarraituz, angularen arrantza debekatzeko intentziorik. Aldundiak ere, ez ditu lehorreko harrapaketak zaintzeko dituen baliabideak emendatu. Arrantzaleen tradizioari eusteak lehentasuna du, nonbait: "Dagoenean bonbon eta ez dagoenean, hor konpon". Eurek arrantzatzen ez dutena, ondokoek arrantzatuko dutela erantzungo dizute. Desagertutako bisiguaren eguna ospatzen bada, desagerrarazitako angularenari ere egingo zaio tokia, ezta?

Txinako Wuhan hiriko azoka, famatua egin du zoritxarreko CCOVID-19ak. Txinatarren elikadura-ohiturak guztiz gaitzetsi dira, basanimaliak jatea deitoratu behar delakoan. Baina, txinatarrei eskatzen zaiena guk geuk egitea ez da zilegi. Angulak erreketan beharko lukete sansebastianetan, ez plateretan.