Iritzia: Sua eta suteak

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2022ko uzt. 7a, 12:15
Nafarroan erretako eremua. (Argazkia: Nafarroako Gobernua)

Hona hemen Aitziber Sarobe Egigurenek Urola Kostako HITZAko 'Puntuka' atalean idatzitako artikulua. 

Ez da makaleko gaia hauxe. Luze eta zabal hitz egin daiteke suaren bueltan, eta nahi beste ikuspegitatik, gainera. Ziurrenik, duela ia bi milioi urte bizi izan omen ziren eta sua baliatzeko ahalmena eskuratu zuten Homo erectus haiek, ez zituen suak gu, 2011ko Bertsolari Txapelketa Nagusian Maialen Lujanbiok suari eskainitako bertsoak liluratu gintuen baino gutxiago liluratutako. Sua, sua baita.

Sanjoanak pasa berri, suaren bueltan saltoka eta dantzan, pozik, makina bat jende ibiliko zen aurten ere. Haien artean ez zeuden, noski, Nafarroa erdialdeko biztanleak: hasi Leireko mendizerratik, eta geroago Uxue-San Martin-Valdorba inguruetan edo Legarda-Gares eta Los Arcos bueltako parajeetan eta, zer esanik ez, Arguedas-Valtierran, sua eta garra izan dira nagusi, beldurra, tristura eta negar malkoez lagunduta.

Ez baita gozoa norbere jaioterria eta bizilekua modu horretan belztuta ikustea; are gutxiago, aziendak edota bizibidea galtzeko zorian egonda. Halakoetan gertatu ohi denez, suak harrapatutakoen izua erakutsi ziguten lehendabizi, sua itzaltzen aritutakoen protestak eta kexak ondoren eta, azkenik, agintari zein herritarren arteko ika-mikak. Arte-zineman esaten duten bezala, «klasiko bat da», zaharrak berri, kasu honetan, suak berekin eramaten ez dituenak, tamalez.

Izan ere, horrelakoetan ohikoa den beste ikuskizun lotsagarri baten aurrean gaude: Nafarroako Gobernuak suak kaltetutako eremua, hondamendi-eremu izendatzea eskatu dio Espainiako Gobernuari. Hondamendi naturalen aurrean, dirulaguntzak azkarrago eta modu eraginkorragoan bideratzeko neurria izan ohi da hori.

Aldi berean, baina, Nafarroako Gobernuko Barne sailak, ia sute horien guztien jatorrian gizakia dagoela segurutzat eman du: nahita edo nahi gabe, gizakiak eragindakoak izan dira, beti bezala. Javier Ramirez lehendakariordeak Nafarroako Parlamentuan suteen kudeaketaren berri emateko agerraldian argitu duenez, Foru Poliziak eta Guardia Zibilak egindako ikerketek ondorioztatzen dute, ia 15.000 ha erre dituzten sute gehienak uzta biltzeko makinek eragin zituztela (Bardeak-Arguedas-Valtierrakoa); handiena, Uxue-San Martin ingurukoa, nahita sortutakoa izan zela eta bi baino ez zirela izan, Leire eta Los Arcos parajekoak hain zuzen, naturak eragindakoak, tximistek, zehazki.

Beste behin ere, gizakiaren barrabaskerien aurrean gaude. Jakin badakigu, baina, argi gera bedi behingoz, sute gehienak, ia denak, gizakiak eragindakoak izaten direla: nahita edo nahi gabe, baina gizakiaren esku hartzearen ondorioa dira.

Honek guztiak, komunikabideen jardun gogaikarria salatzeko balio beharko luke. Mendi ingeniariei bakarrik ahotsa emanda, etengabe entzuten ari garen matraka da hauxe: mendia zikintzen uztearen eraginez piztu dira suak, landa eremua husten ari gara eta utzikeria horrek bazterrak zikintzen ditu, baso azpietan pilatzen den landaretza erregaia da, suteak sortzeko eta zabaltzeko arriskua handitzen du: abere gehiago behar ditugu, alajaina, haiek garbitzen dituzte basoak!

Lotsagarria da inork ez kontrastatzea jardun txepel gogaikarri hori. Suteak gizakiak eragiten baditu, zertan lagunduko du gero eta abere gehiago egoteak mendian? Baso-azpiak garbi izateko aziendak behar direla bistakoa da, eta haiengana iristeko pistak egiten direnez, pista horietatik suhiltzaileak azkarrago eta hobeto moldatzen direla, ez dago esan beharrik.
Baina, zer ikusi dauka horrek suteen jatorriarekin? Zergatik ez dute hitz egiten komunikabideek, uzta biltzeko makinez? Sute horiek piztu eta zabaldu ziren egunetan egiten zuen eguraldiarekin, zergatik ari ziren lanean uzta jasotzeko makinak? Zergatik ez du Nafarroako Gobernuak aitortzen, benetako utzikeria eta hondamendia makina horiek geldiarazi ez izana dela? Sena eta zentzuna, dena galdu dugu.

Gipuzkoan ere izan genuen sute txiki bat egun horietan: Aralarren Arastortz mendian, babestutako eremuan (azken urte hauek gogorrak izaten ari dira Gipuzkoako ondare naturalaren gordailu diren parke naturalentzat, sutea sutearen atzetik…).

Gertakari horien ostean, Gipuzkoako basozainen elkarteak zabaldutako berria hau izan da: “Gipuzkoan, baso suteak ikertzeko formazio berezia zuten basozainek, ikerketak bertan behera uztea erabaki dute!”. Beste hainbat azalpenekin batera, honakoa argitu dute: “…Aldundiak basozain hauek egindako lana ez du merezi duen bezala baloratu urte hauetan eta babes falta oso handia izan da”.

Atera ditzala norberak bere ondorioak; niri, bederen, suak besteko beldurra ematen dit, oraintxe, noren agintepean gauden ikusteak. Zaharrek esan ziguten: sua eta ura belaunetik behera. Gora ez egiteko, nor ari da lanean?