Puntuka

Belar txarrez

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Sarobe Egiguren 2023ko ots. 9a, 10:00
Baratzean. (Aitziber Sarobe Egiguren)

Aitziber Sarobek Urola Kostako HITZAren Puntuka atalean idatzitako artikulua da honako hau.

Goiburu horrekin aurki daiteke sarean duela pare bat aste eskainitako Ekosfera saioaren grabazioa (2023/01/26). Aitzakia Espainiako Malherbologiako erakundeko presidente berriaren izendapena izan zen: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ana Zabalza ikertzailearena, hain zuzen. Argibideak ematera gonbidatutako elkarrizketa interesgarri hark merezi ditu bai, hitz batzuk. 

Lehenik eta behin, ikertzaileak «belar txarrei» emandako definizioa ekar liteke eztabaidara. Haren hitzetan eta propio galdetuta, «belar txarrak» lirateke «dagokion tokian hazten ez diren belarrak». Adituak aitortu bezala, definizio hori guztiz antropozentrikoa da; esan nahi baita, gizakiak bere interesei begira sortutakoa. Baina definizio zientifikoaz galdetuta emandako erantzuna dela kontuan izanda, ondo legoke antropozentrikoaz gain, antinaturala ere badela gehitzea. 

Noiztik ez da baratzea barrabas landarearentzat tokia? Noiz utzi zion zelaiak sasiarentzat edo larrearentzat toki egokia izateari? Larrea ez bada oteari dagokion lekua, non dute haiek toki egokia? Agian, beste galdera baten erantzuna da zenbaitek buruan duena: «belar txarrak» izendatzen dituzten horiek, badute tokirik inon? 

Definizioaren ostean, bide interesgarritik bideratu zuten elkarrizketa. Belar txarrek lehiarako duten gaitasunaz galdetu zion adituari, oso borrokalariak direla iritzita. Adituak baietz, oso gogor lehiatzen direla «ura, nutrienteak eta argia hartzeko». Alegia, bizitzeko. «Oso oso lehiakorrak dira, oso indartsuak», gehitu zuen adituak. Noski, esango nuke nik. Hain justu, dagokien lekua delako, hazten diren toki hori. Adituak aipatu zuen oso ezaugarri onak dituztela hain lehiakorrak izateko. Akabo ba! Beren tokia hartzea da daukaten indarrik handiena: dagokiena eskuratzea. 

Izan ere, istorio hau guztiz aldatzen da begiratzen duenaren juzguen baitan. Berezkoa denari edo berez gertatzen denari garrantzia emanez gero, lekuz kanpo edota neurriz kanpo egon ohi direnak belar txar horiek hazten diren lekuetan egiten diren landaketak dira. Izan baratzean edo mendian, epe motzean etekina ateratzea helburu duten landaketa horiek ezinbestean behar dute gizakiaren esku hartzea eta hortik garatu da, antza, zientzia berri hori.

Adituari entzunda, argi gelditu zen botanikatik haratago doazen ezagutzak biltzen dituela zientzia horrek: bizitza zikloa, ekologia, fenologia, non agertzen diren, zergatik agertzen diren… Horri guztiari arreta jartzen zaio, baina beste alderdi batek du garrantzia: «belar txar» horien kontrolak. Haren hitzetan: «Oso arriskutsuak dira, oso txarrak kultiboetan, etekina hobetzeko nola kontrolatu aztertzen da, eta neurri berriak ikertzen dira: neurri kimikoak, fisikoak…».

Sarean dagoen zientzia honi buruzko informazioak bat egiten du hitz horiekin: aurreko mendean, herbizida sintetikoen bueltan sortutako zientzia da malherbologia, eta ondorioz, erraz uler daiteke horretan dabiltzanentzat tokiz kanpo daudenak «belar txarrak» izatea, ez landaketak.

Elkarrizketatzaileak uneren batean aipatu zuen tradizioan jakituria handia egongo dela, ziurrenik, «belar txar» horien inguruan. Baina adituak ez zuen hortik tira. Industria agrokimikoaren tradizioa (pestizida, herbizida, plagizida eta ongarri sintetiko horien industria) belaunaldi gutxiko kontua baita gurean.

Naturala edo berezkoa normaltzat duenarentzat, belar txarrak, alegia, dagokien tokian hazten ez direnak, landare exotiko inbaditzaileak dira. Horiek dira berezkoak direnak, normala beharko luketenak, kaltetzen dutenak. Gero eta gehiago zabalduta daude, gurean ez ezik, mundu osoan; besteak beste, industria agrokimiko horri esker. Zientzia horren baitako teknologiak eragin du gizakiaren mesederako genetikoki manipulatutako hainbat barietate (transgenikoak bezala ezagutuak) herbizidentzat erresistenteak bihurtzea. Naturan berezkoak ez diren barietate horiek berezkoekin hibridatu edo nahastu direnean, populazio berri erresistenteak sortu dira, eta orain, etekina ateratzeko baliatutako teknika bera da nekazaritza industrializatu intentsiboak duen arrisku handienetarikoa. Hauxe da teknologiaren arriskua: sortutako helburuen kontrako eraginak izan ditzakeela. Gizakiaren patua da hori, gure historia baldintzatu duen eta etorkizuna mugatuko duen egitatea.

Bukatzeko, ezin aipatu gabe utzi benetako belar txarrez hitz egiterakoan saihestu ezin den jarduera bat: lorezaintza. Jarduera hori da, nekazaritzarekin edo basogintzarekin batera, haien hedapenaren arrazoi nagusia. Jarduera horrek naturan duen eraginaren jabetzarik ez dago hirigintzara bideratutako politika publikoetan, eta oraindik ere, nonahi ikus daitezke lorategietan zein parkeetan naturan erraztasun handiz zabaltzen diren landare inbaditzaileak. 

Berezkotasuna lehenetsiko balitz lorezaintzan, lanbide hori arriskuan legoke? Ez beza inork letxe txarrez egindako galdera denik pentsa…