Ametsak etorkizun

Erabiltzailearen aurpegia Aner Peritz 2019ko mar. 1a, 10:30

Oraindik ere begien aurrean daukat, oso umea nintzen baina. Gure amama aitari galdezka: “ikusten dut oso gustura zaudetela, baina harritu egin ninduen haurrak sare publikoan matrikulatu izanak. Ez dakit ba, ikastolak martxan jartzea kosta zitzaigun eta...bilobek ere hantxe ikasi behar zutela pentsatzen guk”. Gu Ikastolakoekin ika-mikan aritzen ginen, eskola-kirolean zein ote ziren hobeak, eta haiek guri bertso-eskolan esaten ziguten  guk ez genuela euskaraz egiten. Neure baitan eskertu egiten nien gurasoei sare publikora bideratu izana.

 

Oraindik ere eskertzen diet. Bai, amama, badakit lan ugari egin zenutela euskarazko lehen ikastolak sortzeko, bultzatzeko, altxatzeko. Baina badakit, halaber, gure bila eskolako atera etorri eta etorkinen seme-alabak gurekin euskaraz sumatzeak zer nolako poza ematen zizun ere.

 

Ez dakit halakorik benetan gertatzen ote den ikastola eta eskola publikoa batera dauzkaten gainerako lekuetan, baina deigarri gertatzen zait -batez ere ezkerraren ikuspuntutik- gure Zarautz super-euskaldun honetan zenbaitek eskola publikoarekiko daukan abegi eskasak, mespretxua ez esateagatik. Ez dauka zentzurik. Ikastolan daude euskaldunak, euskaltzaleak eta abertzaleak. Aldiz, publikoan erdaraz egiten da eta españolak dira. EÑEz. Halakoak entzuten genituen bertso-eskolan, zergatik esaten zuten ulertu gabe.

 

Egia da. Orokietan badaude españolak, hemen sortuak izan arren espainiar sentitzen direnak, badira atzerri hurbil edo urrunetik etorriak ere, eta badira erdaraz egiten dutenak. Eta bai, Ikastolan ia guztiak (ez dut guztiak esango) dira euskaldunak, eta agian gehientsuenek egingo dute euskaraz, Orokietan baino gehiagok. Kontua da, eskola publikoa dela. Euskara da gure territorio libre bakarra, ez Ikastola; eta herri osoa nahi badugu territorio libre bihurtu, ez digu inondik inora laguntzen euskara=ikastola loturak; are gehiago, kalte egiten digu.

 

Haurtzaindegia - Orokieta zaharra – berria - berriz zaharra - Lizardi Gurmendi - Lizardi Araba. Horixe da orain arteko nire ibilbide “publikoa”. Eta orain, nerabea besterik izan ez arren ikuspegi zabal samarra dudalarik, are handiagoa da bide horren aldeko hautua egin zutenekiko esker ona. Hezkuntza integrala, irekia, bazterkeriarik gabea eta euskalduna.  Eta ikasle guztiak euskaldun aktibo bilakatzea agian ezinezkoa izango arren, bide horretan oinetakoak urratzea poz handia da.

 

Ez dut, noski, Ikastolaren aurkako surik piztu nahi, hau ez da haiekiko kritika. Euskalgintzaren ardatzetako bat da. Ez dut Orokietaren aldeko kanpainarik ere egin nahi,  ez didate artikulu honen trukean notarik igoko, baina hilean behingo leiho hau aprobetxatu nahi izan dut Euskal Eskola Publikoaz dudan atxikimendua adierazi eta zor zaion aitortza eta aurrerapausoak aldarrikatzeko. Gure gurasoen ametsa zen hura gure oraina eta etorkizuna izan dadin.