Munduaren aMaya

Erabiltzailearen aurpegia Aner Peritz 2020ko eka. 19a, 10:49

Ez dakit zehazki noiz bukatzen den mundua, baina ez dit askorik inporta. Buka dadila nahi duenean, ni ez naiz bere zain egongo.

Igandean bukatzen omen da mundua. Bai, bai, igande honetan. Etzi. Ekainaren 21ean. Eta diot nik: “ze ordutan?”. Ba auskalo. Zer axola dizu 2 ordu gutxi-gehiago bizitzea? Ziur nago orain arte galdu dituzula bi ordu alferrik. Edo irabazi, baina alferrik. Eta diozu zuk: “baina hori ez al zen orain dela 8 urte?”. Ba argi dago ezetz, ezta?  Kontua omen da bakarren bati auskalo noiz egutegia aldatzea okurritu zitzaiola, eta 11 egun kendu zizkiola. “Eta hori ez al zekiten duela 8 urte?” Ba ziurrenik bai, baina morboa zer den… Nork daki. Nori axola dio. Behintzat, igandean bukatzen da mundua. Etzi. Mayek esan omen zuten, eta halako erlauntza ponpoxoak eta ezti gozoa egiteko gai diren izakiek badakite zerbait, zalantzarik gabe. Nik sinesten diet.

 

Orain askok galdetzen didate: “eta mundua etzi amaitzen dela jakinda, zuk zer egin nahiko zenuke gaur eta bihar (eta etzi edukiko ditugun x orduetan)?” Eta orduan diot nik: “inozoa... Eta zuri nork esan dizu ba igandera arte biziko zarela, eta ez zaituela gaur-bihar berandu zoazen egunean puntual iristen den Lurraldebuseko autobus zahar horietako batek harrapatuko? Edo ez zaizula bihotza nazkatuko hainbeste denbora mugimendu bera egiten pasa izanaz (ze aspergarria izango den bihotz izatea...)? Edo ez zaizula etxea gainera eroriko sukaldea erretzen ari zaizun bitartean?” Egunean 155.520 pertsona hiltzen omen dira munduan batez beste. Egunen batean (gaur edo bihar, etzi kopurua kolosalki haziko baita) zu izan zaitezke horietako bat beste 155.519rekin batera.

 

Honen ondoren, beraz, kasik automatikoki esango didazu: “eta ni noiz hilko naiz?”. Ba nik a eta b erantzungo dizkizut:

  1. “Mayek ez zuten hori aurreikusi, sentitzen dut. Baina lasai, asko murriztu zizkizuten aukerak: gaur, bihar edo etzi hilko zara. Dona dona katona…”

  2. “Zer inporta dizu?”

 

Nik, adibidez, gehienez ere etzi hilko naizela jakinda, esan dezaket ez dudala egingo bertso-eskolako ikasleak agurtzeko bideoa. Ez dudala bukatuko hurrengo pianoko klaserako partitura. Ez dudala batxilergoko tituluaren ordainketa egingo. Ez dudala bizikletaren eskubiko frenoa konponduko. Ez naizela azalduko online klaseetara. Ez dudala egingo “nire lehengusuaren alabaren lagunaren amonaren bikotearen ezkongaiaren aitaginarrebaren birraitonaren lagunaren lagunaren ilobaren urtebetetzerako mese mese oso majoa da” eskatu didaten bertsoa. A! Eta selektibitatea doala haizea hartzera.

 

Baina nork dio bestela ere egingo nituzkeela gauza horiek? Bertso-eskolakoek badakite bideoa ahazteko aukera asko dauzkadala, nik badakit bizikleta konpontzeak pereza ematen didala, irakasleek badakite bestela ere ez naizela klaseetara azaltzen ari… Eta pozik bizi naiz hala ere. Hau da, ez dudala ezer aldatuko munduari amaitzeko kapritxoa sortu zaiola eta.

 

Bide batez, orain non daude Marten bizi gaitezkeela ziotenak? Igandetik aurrera bai, ala Martek ere jai hartzen du igandetan? Finean, asko jota, oso optimista-guayak bazarete, egun hauek lagunekin eta maite dituzuen horiekin pasa nahi dituzuela esango didazue. Ba nik ez dakit zer esan. Batzuetan gustura egoten naiz neure buruarekin, eta une honetan baldin badatorkit horretarako gogoa, ba amaitu dadila mundua. Bestetik, Arzakenean sekulako afaria egingo zenuketenek ere (Arzakek mundua amaitu aurreko egunean lan egin nahiko balu bezala) badaukazue zuen delitua: aukera bazeneukaten, non egon zarete orain arte? 

 

Mundua etzi amaitzen dela eta gauzak ezberdin (hobeto, intentsitate handiagoz, biziago, lasaiago) egingo zenituzketenek pentsa ezazue, akaso, zuentzat bihar amai daitekeela. Birplanteatu daukazuena eta pentsa ezazue zertan ari zareten nire artikulu bat irakurtzen orain, beste zereginik ez eta. Eta sortu zeuen mundua. Beharbada, zorte pixka batekin, ez da beste munduarekin batera amaituko: etzi. Kontatuko didazue ahal duzuenek.

 

P.S.: Mesedez, badaezpada idatzidazue mezu bat astelehenean, bakarrik ez nagoela sinesten jarrai dezadan.