Peio Pikabea Atxegak Antoniano Ikastetxeko zuzendaritza hartuko du

Erabiltzailearen aurpegia Antoniano Ikastetxea 2021ko eka. 28a, 14:05
ore GarcĂ­a Benito (aurreko taldetik jarraitzen duen kidea), Ane Mendizabal Etxabe, Maitane Aramendi Esnal eta Peio Pikabea Atxega.

Hamar ikasturtez zuzendaritzan jardun den AINHOA MENDIA SORARRAINek emango dio lekukoa.

Zarauzko ANTONIANO IKASTETXEAk zuzendari berria izango du datorren irailetik aurrera. Ainhoa Mendia Sorarrain hamar urtez jardun da zuzendaritza taldean, lehenik, koordinatzaile lanetan eta, azken urtetan, zuzendari izanez.

Ainhoak 24 bat urte daramatza hezkuntza munduan murgilduta. Ikuspegi zabalak lagundurik esan dezake urte hauetan guztietan hezkuntza munduan eman den bilakaera handia izan dela.

Zer ikusten duzu orain arteko ibilbideari so egin ezkero?

Urte hauetan guztietan hazten joan naiz. Irakasle lanetan, hezkuntzaren ikuspegi bat ezagutu nuen; eta koordinazio eta zuzendari lanekin, hezkuntzaren inguruko begirada hori osatzera iritsi naizela esan dezaket. Munduan, eta bereziki hezkuntzan aldaketa izugarria gertatzen ari da eta ezinbestean, egokitzeko prestatuak egon behar dugu, baina inoiz ez dugu ahaztu behar pertsonekin egiten dugula lan, haur eta familiekin, eta horretan ipini behar dugula gure indarra eta ahalegina. Alde horretatik, lan egin dudan bi zuzendaritza taldeen lehen helburua horixe izan da, alderdi gizatiarra zaintzea, eta horretaz harro nagoela esan beharra daukat.


Gertutasunetik, “bihotzez” egiten duzue lan. Zer esan nahi du horrek?

Hain zuzen ere, gure ikasle-irakasle eta familiak erdigunean ditugula eta gure egunerokoan gertutasun hori ematen saiatzen garela. Etxean bezala sentitu daitezen nahi dugu. Horretarako, emozio eta egoera hauek, uneoro, presente ditugu: kuriositatea, miresmena, segurtasuna eta poza.

Arestian aipatu duzunez, ANTONIANO IKASTETXEAren lehen helburua alderdi gizatiarra zaintzea da…

Bai, azken urteotan alderdi emozionalari berebiziko garrantzia eman diogu, gure indarrak irakasleen formazioan jarriz: irakasle guztiok bat eginda, adimen emozionalaren inguruko GUGAN egitasmoaren eskutik formazioan murgildurik aritu gara. Adimen emozionala lantzen duen egitasmoa da: gure irakasleei tresna eta estrategia berriak eskaintzen dizkiena eguneroko gatazkei eta gelako aniztasunari modu kontziente batean erantzuteko.

Pandemia garaian, edo amaiera bidean gauden honetan, zure ustez nola eragin duzue ikastetxe gisa? Zer balorazio egingo zenuke?

Azpimarratzen hasita, bi arlotan eragin dugula esan genezake: adimen emozionalean batetik, eta teknologia mailan bestetik. Bi gai hauen lanketa egiten lehendik hasiak ginen, baina iaztik hona azpimarra berezia egin dugu bi horietan eta horrek lagundu digu Covid egoera hobeto kudeatzen.

Pandemiak egun batetik bestera eskola itxi eta etxean geratzera behartu gintuen eta berehalakoan, etapa guztietan, familien ondoan egoten saiatu ginen teknologiaz baliatuz: deien bitartez tutoreen gertutasuna adieraziz, meet saioen bidez hiruhilekoari jarraipena emanaz, eta, batez ere, familia bakoitzaren ondoan egonaz. Hasi Haur Hezkuntzatik eta DBHraino ikasle eta familiei akonpainamendua egin genien eta esfortzu itzela suposatu zuen horrek. Egia da, egindako lanak emaitza oso politak izan zituela eta alde horretatik, esker oneko mezu ugari jaso genituela. 2020/21 ikasturte berrira begira, berriz, hartu behar izan ditugun neurriak zorrotzak izan dira eta saiatu gara modu xamurrean aritzen. Denekin asmatzea zaila dela badakigu baina haurrak oso ongi aritu dira, neurriak betetzeko prest eta kolaboratzeko gogoz egon dira eta horretan, irakasleek eragin handia izan dutela garbi daukagu.

Zuzendariaren alboan zuzendari talde bat ere aritzen da lanean…

Dudarik gabe! Ezinezkoa litzateke bestela! Talde lanean ederki moldatu gara, hasieratik jakin ditugu bakoitzaren ahuleziak eta indarguneak zein diren, eta elkarren arteko aberaste bat izan da hori. TALDE hitza gure kasuan eguneroko errealitate bat izan da: horrela ulertzen dugu guk lidergo partekatuaren filosofia. Gutako bakoitzaren trebeziei etekina ateratzen jakin dugula esango genuke. Barre-algarak bezala negarrak ere elkarrekin egin ditugu eta, iritzi ezberdinak mahai gainean jarriz eta eztabaidan, BAT eginda aritu izan gara une oro, elkarrengandik ikasiz eta elkarri lagunduz, puzzle baten fitxen antzera.

Momentu berezirik aipatzekotan, zeintzuk lirateke?

Ez gara oso originalak izango, baina Covid-19ak etxera eraman gintuenekoa emozionalki oso gogorra izan zen. Pandemiagatik 20/21 ikasturteko kontingentzia plana prestatzea ere ez zen xamurra izan: aginduak berandu iritsi ziren eta ezjakintasunean aritzea ez zen erraza izan. Baina horiek une gaziak izan ziren. Urte hauek izan dute gozotik ere eta horiek, irakasle taldearengandik jasotako babesa eta familiek emandako animoetan laburtuko genituzke. Une gogorretan irakasle taldea bat eginda aritu da eta hori izugarria da. Zailtasunak zailtasun, aurreikusitako proiektu
gehienak aurrera atera dira eta zenbaitetan nekea begi-bistakoa izan bada ere, ilusioz aritu dira. Hori, edozein zuzendaritza talderentzako hauspoa da, bai horixe! Horrek langile talde osoaren alde asko esaten du; lankide konprometituak ditugu eta hori, edozein zuzendaritza talderen euskarririk garrantzitsuena da; harro egoteko moduan gara!

Zerbait gehitu nahi zenuke?

Lehenik eta behin, urte hauetan guztietan ondoan izan ditudan pertsona guzti-guztiei
eskerrak eman nahi dizkiet. Horretaz gain, adierazi nahi dut, esku onetan uzten dudala
lekukoa: gogotsu eta ilusioz beterik baitator Peio.

Peio, hartu duzu lekukoa, nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Erronka berri honi aurre egiteko prest, indartsu eta esker onez betea datorren langilea
naiz.

ANTONIANOk bataiatu ninduen duela urte batzuk irakaskuntza munduan. Jaioberri bati egiten zaion harrera berbera sentitu nuen berehala. Goxo hartu ninduten. Hasiera hasieratik ingurukoek lagundu zidaten nire hazkuntzan, bakoitzak bere aletxoa eskainiz. Pixkanaka, jaioberri sentitzetik hasita, nerabe sentitzen lagundu zidaten eta urte hauetan jasotako esperientziak heldutasunera eraman nau.

Ikastetxean, urteetan zehar, geure proiektu propioa diseinatu dugu hezkuntza komunitate osoaren inplikazioarekin (ikasle, irakasle, langile, familiak,…).. Orain, hasitako bide horri ilusioz ekiteko mezua jaso dugu zuzendaritza talde berriko kideok: Haur Hezkuntzatik hasi eta DBH amaitu arteko proiektuaren bidez, gure ikasleen bidelagun izaten jarraitu nahi dugu. Inguratzen gaituen munduan barrena bidaiatuko duten pertsona adimentsu, kritiko eta emozionalki sendoak hezi nahi ditugulako: Zarauzko etorkizuna eraikiko duten gazteak.