Kalejiran atera dira Antonianoko ikasleak Santa Ageda bezperaren atarian

Erabiltzailearen aurpegia Antoniano Ikastetxea 2023ko ots. 3a, 15:55

Herriko bost zonaldetan abestu dituzte koplak urteroko ohitura egun bat aurreratuta.

Antoniano ikastetxeak Santa Agedaren harira egin ohi duen ospakizun ekitaldiari eutsi nahi izan dio eta egun bat aurreratu du kantu-kalejira. Santa Ageda bezperan atera ohi dira Antonianoko ikasleak koplak abestera, baina aurten egun seinalatu hori larunbata egokitu denez, gaur egitea erabaki dute.

Hori horrela, ikastetxeko bost talde aritu dira kantuan hainbat gunetan zapi koloretsua, txapela eta makilak eskuetan: HH 4, LH 4 eta DBH1eko ikasleak Torre Luzea alaitu dute; HH5 eta LH5eko neska-mutilek, Musika plaza; LH1, LH6 eta DBH4ko ikasle eta irakasleak, Udaletxeko plaza; LH2 eta DBH2ko taldea Udaberri eta Laboral Kutxa ingurua; eta, LH3 eta DBH3ko ikastaldeak Paxo ingurua.