Jolastea

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Aldalur 2019ko eka. 3a, 08:30

(...) Bizitzaren azken etapan ez zaigu damutzen jolastu izana; bai, ordea, nahikoa jolastu ez izana. Eta gizartean balioan jartzen dugun arrazoia, aitzakia, edo dena delako hori lausotu egiten da.(...)

Ba al da orainean jolasak baino hobeto jartzen gaituenik?

 

Ez dut uste. Umeei begiratu besterik ez dago; zenbat dugun hauengandik ikasteko eta gugandik desikasteko, barruko umearengana, zer nahi duen dakienarengana, iristeko.

 

Jolasa erreibindikatzen dut. Bere helburu bakarra gozatzea da; eta gozatze horretan ikasi, ikertu, geure burua ezagutu egiten dugu; besterik gabe, edo beste guztiarekin.

 

Lekua eta denbora ez dira existitzen; edozein lekutan eta edonoiz jolas dezakegu. Ez da gizartean hain gaizki ikusita dagoen denbora alferrik galtzea. Izan ere, zer da galtzea? Eta zer da alferrik? Eta areago, zer da alferrik galtzea?

 

Bizitzaren azken etapan ez zaigu damutzen jolastu izana; bai, ordea, nahikoa jolastu ez izana. Eta gizartean balioan jartzen dugun arrazoia, aitzakia, edo dena delako hori lausotu egiten da.

 

Hartu denbora jolasteko, besterik gabe, eta beste guztia etorriko da.