Gaur ezustekoa izango duzu

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Aldalur 2019ko uzt. 15a, 17:00

"Gaur ezustekoa izango duzu" dio horoskopoak. Eta egunari lupaz jarraiki zatzaizkio ezustekoaren bila. Bat baino gehiago dira, noski, egunero bezala. Baina gaur, horoskopoak hala aginduta, bilaketa lana egin duzu, egunero ez bezala.

Eneagramaren zenbakiak dio aitzindaria zarela onean; manipulatzailea, ordea, txarrean.

Bizitza osoan aitzindari rola azaldu duzu kanpo aldera eta manipulatzailearena, berriz, barruan oso ondo gorde. Halere, zure etsaiek justu alderantzizko ikuspegia izan dute eta lagunek, aldiz, primeran ezagutzen dituzte bi alderdiak.

Tira, gaur pixka bat gehiago ezagutu duzu zure burua eta besteena ezagutzeko ateak zabaldu dizkizu zenbaki horrek.

Tiradako kartek diote une honetan gauzak esaten baino hobeto esaten ikasten ari zarela; bestalde, zeure baitatik besteen kargak eramateko joera izanik, arindu beharra daukazula; zeureari heltzeko eta besteei eurena dena uzteko.

Arazoak dituzunean isiltasuna bilatu behar duzula han aurkituko duzulako benetako konponbidea eta, zaudenean zaudela, zure barruko lorea edertzen joango dela.

Kanpotik datorkizu barrura begiratzeko seinalea.

Horoskopoak, eneagramak, kartek, terapiek,…, zeure buruaren jabe izateko zeure burua ezagutu behar duzula diote eta hori zure baitan baino ez dago.