GARAIKOETXEA GURE ARTEAN IZAN GENUEN ZARAUZKO ALKARTETXEAN

Erabiltzailearen aurpegia
"Bortxarik gabe edozein gai mahai gaineratu zitekeela esan zitzaigun, baina Katalunian bezala, hemen ere garbi ikusi da biolentzia ez zela arduratzen zituena, gure helburua baizik, independentzia."
Urteroko ohiturari jarraituz, aurten ere, Lehendakariari eta Sagrariori Zarauzko Eusko Alkartasunak eskaintzen dien bazkaria izan genuen atzoko egunean. 
Carlos Garaikoetxearekin batera izan eta babesa adierazteko alkartetxea alderdikidez lepo izan genuen. Otordua alaitasun eta adiskidetasun giroan pasa ondoren, Zarauzko EA-ren presidentea Juan Luis Illarramendik eta batzorde eragileko kide den Karmele Alberdik Zarauzko alderdikideen izenean opari bana eman zizkieten Lehendakariari eta Sagrariori.
Ondoren Garaikoetxeak hitza hartu zuen aipamen labur batzuk egiteko. Batetik kexu agertu zen “Filoetarras deitzen digute EH Bildu koalizioaren sorreratik parte aktiboa izateagatik.” Baina gogorarazi zuen Eusko Alkartasuna bere sorreratik indarkeria guztien aurka agertu dela eta nabarmendu zuen “era interesatuan filoetarras deitzen digutenak, GAL sortzen ibili ziren, praktika polizial antidemokratikoak babesten eta baita Hego Euskal Herriko hiritarren zati handi bati ere bide demokratikoen bidez parte hartze politikoa ukatu zioten.” Eta honen harira erantsi zuen “eskubide hori ukatzea ez da demokratikoa; hori ere biolentzia mota bat da.” Izan ere, “EHBildu koalizioaren sorreran gure indar guztiak jarri genituen hain zuzen ere, bide demokratikoen bitartez parte hartze politikoa ukatu egin zitzaion hiritarrari ahotsa emateko”, azaldu zuen Garaikoetxeak, “eta hori praktika demokratikoa da.”
Azken finean, Carlos Garaikoetxearen ustez, “agerian geratu da bortxarik gabe edozein gai mahai gaineratu zitekeela esan zitzaigunean, ez zirela benetan ari. Katalunian bezala, hemen ere garbi ikusi da biolentzia ez zela arduratzen zituena, gure helburua baizik, independentzia." 
Bere hitzetan ere berriro tartea izan zuen Kataluniarentzat eta EAEko gobernuaren epelkeria salatu zuen, “Urkullu eta bere gobernua ez dira leialak izan Kataluniak bizi duen erronkarekin, epelki aritu dira, “moderazio” irudi bat saldu nahian eta EAEtik ez zaio Kataluniako herriari momentu horretan behar zen sostengu eta babes politikoa eman”.
Amaitzeko Carlos Garaikoetxeak alderdiaren jarraikortasuna eta identitate ikurrak indarrean jarri zituen "gure irizpideei tinko eutsi diegu. Bide demokratikoen bidez, burujabetzaren alde eta gizarte aurrerakoiaren alde lan egiten duen alderdia izaten jarraitzen dugu”. Eta koalizioaren garrantzia nabarmendu zuen baina kezkaren itzala ere agertu zen bere hitzetan, “EH Bildu koalizioan gure nortasunaren ikur hauek hedatzen saiatzen gara. Baina agian integrazio gehiegi eman da eta aniztasuna galtzen ari da. Aniztasunari eutsi ezean, koalizioak ez du beteko deitua dagoen paper zentrala, ez da gizarte gehiengo batera iritsiko.”