EAk beste aukera bat proposatu du Lapurdi kaleko bidegorriaren itxieraren aurrean

Erabiltzailearen aurpegia EA Zarautz 2021ko urr. 15a, 14:00

Era berean, oso kritiko agertu da EAJ-PSE-EE gobernuaren aurreikuspen faltarekin, mugikortasunaren gaian kezkagarriak diren eta ondorio larriak dituzten erabakiak ezartzen ari baita.

Zarauzko EAk udalerriko mugikortasun politikaren alorrean erabateko norabide aldaketa eskatzen du. Herrikosoro eta Frantseskuaren inguruan egindako aldaketak, aparkalekuen planteamendua eta bizikleta-bideen sarearen mantentze eskasa, itxi ez direnean, udalbatzak onartutako ZARAUZKO BIZIKLETA BIDE ETA AZPIEGITUREN PLAN BEREZIAREN aurka jotzen duten ekimenak dira eta mugikortasun politikan atzerapauso handi baten seinale. Laburbilduz, eremu horretako jardueren norabidea zehaztuko duen mugikortasun-plan orokorrik ez dagoela erakusten dute.  

Mugikortasunari buruzko erabakietan nagusi den hondamendi egoera honen aurrean, Eusko Alkartasunak Lapurdi kaleko bidegorria ixtearen ondorioz sortu den anabasaren aurrean alternatiba bat erregistratu du udaletxean. EAren ustez, bidegorri hori, adibidez, herriko gazte askoren joan-etorrietarako bide nagusia da egunero erabiltzen baitute ikastetxeetara modu jasangarrian joateko.  

Deitoragarria da udal gobernuaren aurreikuspen eta inprobisazio eza, horrelako obra batek sortzen dituen eragozpen logikoen aurrean; azken hauek lanak hasi baino lehen ezagunak baitziren, eta hala izanik ere, ez zaielako behar bezalako erremediorik eman oinezkoak eta txirrindulariak, batak besteari traba egin gabe, mugitu ahal izateko.  

Obra hauek bi urte baino gehiago iraungo dute, gutxienez, eta honi eskaini zaion irtenbidea, espaloia oinezkoen eta txirrindularien artean banatzearenak, alegia, ez du bermatzen joan-etorriak modu seguruan egingo direnik, bereziki ikastetxeetara sartzeko eta irteteko puntako orduetan. Izan ere, praktikan ia ezinezkoa gertatzen zaio oinezkoari espaloia erabiltzea bere ibilbideak eskolako joan-etorriekin bat egiten duenean, eta are zailago, eta arriskutsuago, egiten zaio ikasleen joan-etorrien kontrako noranzkoan egin behar duenean.  

EAren proposamena, bi geltokiak berritzeko lanek dirauten bitartean, honakoa da: behin-behinean berreskuratzea Lapurdi kaleko lineako aparkalekua, eta kale horretako ibilgailuen norabide bakarra mantentzea eskola-aldian, baterian aparkatutako ibilgailuek orain hartzen duten gainerako espazioa erabiliz bizikleta bide bat egiteko, zirkulazioaren noranzkoaren kontra. Udako oporraldian, ikasleen joan-etorri jendetsurik ez dagoen garaian, bateriako aparkalekuak berreskuratuko lirateke, eta espaloia oinezkoek eta bizikletek partekatuko lukete.  

Hala, EAk Lapurdi kaleko bidegorria behin-behinean eta lanek dirauten bitartean berreskuratzea planteatzen duen proposamena erregistratu du herritarren arretarako udal zerbitzuan.