Eusko Alkartasunak 2022ko aurrekontuei alegazioak aurkeztu zizkien epe barruan

Erabiltzailearen aurpegia EA Zarautz 2022ko urt. 12a, 08:15

Ez da onargarria alegazioak aurkezteagatik norbanakoei edo erakundeei atzerapenak eragin izana leporatzea

Zarauzko udal-gobernuaren 2022rako aurrekontu-proposamena, 2021eko abenduaren 30eko udalbatzan behin betiko onartua, azaroaren 11ko ezohiko udalbatzan jaso zuen hasierako onespena. Ohikoa denez, araudiak hala ezartzen baitu, aldizkarian argitaratu ondoren, jendaurrean jarri zen, eta 15 egun balioduneko epea ireki zen Zarauzko herritarrek alegazioak egin ahal zitzaten.

Zarauzko Eusko Alkartasunak zehaztu nahi du, udalak jakinarazi duen bezala, proposamenak epe barruan erregistratu zirela, abenduaren 3an. Beraz, ez da ulertzen zergatik Jesus Arana Ogasuneko zinegotziak joan den urtarrilaren 6an DVn argitaratutako albistean adierazten duen “epez kanpo aurkeztu” zirela.

Era berean, Aranak ez du oinarririk EAk proposatutako aldaketek “aurrekontua abiarazteko atzerapena” eragiten dutela adierazteko; izan ere, edozein herritarrek edo erakundek aurkez ditzake eta aukera hori egutegian jaso behar da. Nahikoa zen  aurrekontu-proposamena urriko udalbatzan aurkeztearekin, gerta zitezkeen alegazioei aurrea hartzeko, urtarrilaren hasieran bertan behin betiko aurrekontu onartuak eduki nahi baziren. Esan gabe doa, bere adierazpenak herritarren parte-hartzea ulertzeko modu bat islatzen duela.

"Kasu honetan, Eusko Alkartasunak aurkeztutako alegazioen edukiarekin ados egon daiteke edo ez; edo forma arrazoiengatik baztertu, oraingo honetan gertatu den moduan, udaletik jakinarazi ziguten bezala", adierazi du Karmele Alberdi Zarauzko EAko koordinatzaileak, "Baina horrek ez du eragozpenik izan behar egutegian alegazioak aurkezteko aukera jasotzeko, eta ez da onargarria norbanakoei edo erakundeei atzerapenak eragin izana leporatzea”.

 

Zarauzko Eusko Alkartasunak, 2021eko irailean EH Bilduren Mahai Politikotik aldendua izan zena, bere mezua eta proiektu politikoa bistaratzeko bideak eta formulak erabiltzen jarraituko du udal politikan alderdi politiko aktibo gisa berezkoa duen jarduera politikoari eusteko, Zarauzko EAren batzarrak aho batez onartutako adierazpenaren zazpigarren puntuak jaso zuen bezala, gertaera larri horren aurrean bere iritzia eman zuenean.

 

Hauek ziren Eusko Alkartasunak udal aurrekontuei egindako proposamenak:

- Bidegorrien sarea berreskuratzea eta hobetzea

- Kamioien aparkalekua Astitik Abendaño/Errotaberrira eraman eta Asti birnaturalizatzea.

- Aparkaleku publikoa Itxasmendiko kirol-pisten azpian egitea

- Pilartxo-enea haur-parkearen estaltzea

- Pasabidearen sarea berritzea eta beste konponketa batzuk eta mantentze lanak.

- Bizkaia kalea bulebarizatzea eta Foru kalea oinezkoentzat jartzea