Guk abesten jarraituko dugu

Erabiltzailearen aurpegia Egi Zarautz 2021ko api. 4a, 11:26

Zenbat zarauztarrek dakite gaur Aberri Eguna dela? Zenbat zarauztarrek dakite Aberri Eguna zer den eta noiz ospatzen den? Zenbat zarauztarrek dakite Aberri Eguna noiztik eta zergatik ospatzen den? Erantzuna jakiteaz, beldur gara…

Urte asko igaro dira lehen Aberri Eguna 1932. urtean ospatu zenetik, aurreneko Euskal  Aberriaren ospakizun nazionaletik; baina orduantxe bezala, egun bestelako erronka eta  oztopoen aurrean egonda ere, lanean tinko diraugu herri honen askatasun nazionalerako  bidean. 

Gertaera ugari bizi izan ditugu ordutik: Lizarrako Estatutua, Guda Zibila, Francoren  diktadura, Agirre Lehendakariaren heriotza, ETAren sorrera, espainiarrek trantsiziotzat  duten monarkiarako jauzia Hegoaldean, sasi-demokrazia, Gernikako Estatutua, industriaren  birmoldaketa, Francisco Javier Lopez Alvarez espainiarraren inposizioa, ETA talde  terroristaren derrota, Iparraldeko Elkargoaren sorrera, 4.0 industria… eta, azkena, 2020.  urteko munduko pandemia.  

Une latzak igarotzen ari gara, bai Herri bezala, bai herritar bezala. Maite duguna zaintzeko,  maite dugunez urruntzea eskatu zaigu; eta egin dugu. Baina ez da erraza, eta euzkotar asko  laguntza beharrean aurkitzen direla jakitun gara. Erakundeetatik horretarako neurri eta  laguntza egokiak eskaintzen eta ematen ari diren arren, elkar lagundu behar dugu; guztiok  egin behar dugu arraun norabide berean. Eta gaurkoan hori ere aldarrikatzea beharrezkotzat  ikusten dugu, nazio eraikuntza eta gizarte eraikuntza txanpon bereko bi aldeak baitira. 

Aurrekoarekin nahikoa ez bagenu, krisi ekonomiko honetan, zenbait alderdi politikok gure  erakundeenganako sinesgarritasuna galduarazi nahiean diharduten honetan, egungo euskal  osasun, hezkuntza eta industria sistemek argi erakutsi dute Herri hau eraikitzen orain arte  bakarrik aritu garenon ibilbidea egokia izan dela. 

Euskal Nazioaren eraikuntzaren alde egin behar dugu lan, orain, inoiz baino gehiago.  Pandemiak erakutsi digu Euzkadi aske batean biziko bagina gauzak oso bestelakoak izango  liratekeela, neurri guztiak hemen bertatik hartuko genituzkeelako, eta ez ginelako inoren  menpeko izango. Aukera bakarra, independentzia da; eta ozen aldarrikatzen dugu. 

Horregatik guztiagatik, balioetan sendoa den Euzkadi aske bat nahi dugu, munduari eta  globalizazioari irekia, errealitate plural bat integratzeko gai dena. Aldi berean, gure sustraiak  eta kultura propioa sendotu behar ditugu, bereziki euskara, euskal herri gisa existitzeko  dugun eskubidea erabiliz. 

Guk, 40 urte hauetan erakutsi dugun bezala, ekintza eta proiektuak garatuko dituen gobernu  on eta egonkorraren aldeko apustua egiten dugu; gardentasunaren eta eraginkortasunaren  alde egiten dugu; kultura politiko berri baten alde egiten dugu, non lankidetza nagusituko  den zatiketaren gainetik; eta, batez ere, politika herritarrengandik, gu guztiongandik,  hurbilago egon dadin lan egingo dugu.

Horrela, bada, pandemia egoeran bizitzea egokitzen zaigun bigarren Aberri Egunean, nola  egin abertzaletasun indar batuketa hori gauzatu eta plazara ateratzeko? Irudi bateratu baten  beharra nahitaezkoa da; eta balkoietako ikurrinak horren erakusgarri dira. Baina, ez ote gaitu  atzoko ditxosozko futbol txapelketako finalak elkar gehiago bereizi? Batzen gaituenari tinko  eutsi behar diogu; eta, beharbada elkar nahastu ez arren, bizikidetza eta askatasunaren alde  elkarrekin egin behar dugu lan. 

Aurten ere, zarauztar asko jabetu dira Garagardo Azoka ezin izan dela ospatu; eta, zarauztar  horiek, Aberri Eguna ospatzeaz gogoratu al dira? Datorren urtean, Zarautzen, Aberri Egun  bateratua ospatzeko gai izango ote gara? 

“Kantatzen duen herri bat ez da inoiz hilko” dio kantuak. Sinesten dugulako, Herri honek  behar duelako, guk abesten jarraituko dugu: “Gora, gora, gora Sabino Arana. Gora, gora Euzkadi  askatuta!!” 

Zarauzko Euzko Gaztedi Indarra