Ez dira onartu diru-laguntzen oinarrietan "enplegu egonkor eta duina sortzeko" EH Bilduk egindako ekarpenak

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2016ko urr. 13a, 14:39

Urola Kostako Udal Elkateko Zuzendaritza Batzodean EH BILDUk aurkeztutako ekarpenen aurrean,  EAJ alderdi politikoaren borondate eza azpimarratu nahiko genuke.

Urola Kostako Udal Elkarteko (UKUE) Zuzendaritza Batzordeak 2016ko urriaren 6an, langabeak kontratatzeko eskualdeko enpresentzako diru-laguntzen deialdiaren oinarriak onartu zituen.

Udal elkartearen iritziz, deialdi honen helburua bikoitza da: alde batetik, enpresei laguntzea langileak kontratatzeko gastuei aurre eginez eta, ondorioz, lehiakortasuna hobetzea; eta, beste alde bestetik, enplegurako politika aktiboak indartu eta lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten giza taldeetako pertsonen kontratazioa saritzea.

Bi helburu hauei, EH BILDUtik beste bat gehiago eransten saiatu gara, kontratazioen iraupena saritzea, hau da, kontratu prekarioen aurrean enpleguaren egonkortasuna saritzea.

Udal elkarteak 3 eta 6 hilabete gutxieneko kontratuak diruz laguntzea proposatu du, 1.500 eurotik 9.000 euro bitarteko diru-laguntzak emanez. EH BILDUren ustez, ordea, laguntza hauek harago joan beharko lukete, kontratu mugagabeak bultzatuko dituzten diru-laguntzen ildotik.

Nahiz eta udal elkarteak gure eskaera kontutan hartuko duela konpromisoa adierazi, diruz lagunduko diren kontratuen jarraipena egin eta hurrengo urtean kontratu hauek mugagabe bihurtu ezkero diru-laguntzetan saritzeko,  aurtengo diru-laguntzetan kontratu mugagabeei 15.000 euroko diru-laguntza emateko EH BILDUk aurkeztutako eskaerari ezezkoa bozkatu zioten.

Ildo berdinetik, diru-laguntzak baloratzerako orduan, puntuaketa emateko garaian, kontratu labur hauek (3 edo 6 hilabetekoak), lan-kontratuaren gutxieneko iraupena beste hiru hilabetez gaindituz gero, 5 puntuko balorazioa ematea proposamenaz gain, EH BILDUtik arlo honetan gehiago sakondu nahian, gutxieneko epea 6 hilabetetan gaindituz gero 15 puntuko balorazioa ematea proposatu genuen.

Esan bezala, EH BILDUk aurkeztu zituen aipatutako azken bi proposamenek EAJren ezezko bozka jaso zuten, aurrera atera ez zirelarik

Instituzioen betebehar nagusienetariko bat herritarren enpleguaren duintasuna eta egonkortasuna sustatzea izan behar duela sinesten dugu EH BILDUn eta UKUEko azken zuzendaritza batzordean gertatutakoa bide horretan aukera galdua dela deritzogu.