EH Bilduk eskatzen du Itxasmendiko bizilagunekin autokarabana aparkalekuari buruzko parte hartze prozesua abian jartzea

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2020ko urt. 4a, 11:00

Gobernantza ona herritarren parte-hartze aktibo eta erabakigarrian eta  beren erakundeekiko harremanean datza. EH Bildutik uste dugu hori ezinbestekoa dela, eta horregatik eskatzen diegu EAJ eta PSE-EEko udal taldeei, gobernuko arduradunei, Itxasmendiko bizilagunei zuzendutako parte-hartze prozesu bat abian jar dezatela.

Itxasmendi auzoan autokarabanentzako aparkalekua egiteko asmoa iragarri du Udal Gobernuak berriki. Erabaki horrek era guztietako erreakzioak eragin ditu eta, batez ere, gai askoren inguruko informazio falta agerian utzi du.

Erabaki horren berri emateko modua ez da egokia izan, eman den informazioa oso eskasa izan delako eta ez delako herritarren benetako parte-hartzea bermatuko duen modu irekian egin.

Azpiegitura horren obrari buruzko lehen albistea eman zen aurrekontuak diseinatzeko bilera parte-hartzaile batean (eta ez bereziki gai hau lantzeko bilera batean). Bilera horretan ziurtzat jotzen zen autokarabanen aparkaleku hori eraikitzeko lanak udari begira egingo zirela. Esan behar dugu, nahiz eta bilera horretan bertan Itxasmendiko Auzo Elkarteari proiektu horri buruzko dokumentazioa eman zitzaion, abenduaren 12ko udal batzordera arte oposizioak ezin izan duela inolako informazio dokumentalik izan, aurrez alkateari zuzenean eskatu arren.

Proposamen horren inguruan iritzia eman ahal izateko, EH Bilduk uste du beharrezkoa dela gai garrantzitsuak argitzea, eta, horretarako, ezinbestekoa dela auzotarren iritzia ere jakitea. Aparkalekuaren kokalekuaren behin-behinekotasuna, autokarabanentzako erabilera esklusiboa, sarrera- eta irteera-sarbideak, eta haurtzaindegiaren ondoko hartxintxar-aparkalekuaren etorkizuna dira besteak beste bizilagunekin eztabaidatu beharreko gaiak. Horrelako azpiegitura batek eragin zuzena du auzoan eta bertako bizilagunengan, eta beraz, guztiz logikoa eta exijigarria da, prozesu parte-hartzaile bat egitea, non herritarrek argi eta garbi eztabaidatu ahal izango duten eta udal gobernuak proposatu nahi duen proiektuari iradokizunak aurkeztu ahal izango dizkioten, baita parking horren erabilerari buruz ere.

Gobernantza ona herritarren parte-hartze aktibo eta erabakigarrian eta  beren erakundeekiko harremanean datza.Hori funtsezkoa da EH Bilduren ustez, eta horregatik eskatzen diegu EAJri eta PSE-EEri, udal-gobernuko arduradunei, Itxasmendiko bizilagunei zuzendutako partaidetza-prozesu bat abian jar dezatela, auzorako eta Zarautzerako egokiena dena eman eta erabaki dezaten.