EAJk Lapurdi kalean egindako aldaketarekin erakutsi duen koherentzia falta agerian jarri du EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia

Zarauzko EH Bilduk herritarren parte-hartzea  barne hartzen duen Zarauzko Mugikortasun Plana egin dezala eskatzen dio EAJ eta PSE-EEri

Zarauzko udal gobernuak Lapurdi kalea zentzu bakarreko kale bihurtu du 100 aparkaleku lortzeko, eta sare sozialen bitartez ezagututako erabaki horrek harridura eta txundidura sortu ditu EH Bildu-n. Koalizioak gogorarazi du Juan Luis Illarramendi alkateak zuzentzen zuen gobernuak proiektu hori bera planteatu zuela 2012. urtearen hasieran: eta une hartan, bai EAJko eta bai PSEko taldeak neurriaren kontra azaldu eta “informazio” kanpaina bat hasi zutela inguruan. Zarauzko EH Bilduren ezaugarria da herritarren iritziak entzun eta aintzat hartzea, Modelo eraikina erostean, hondakinak gaika biltzeko sistema kudeatzean eta Lapurdi kaleko proposamenarekin egin zuen bezala. Kasu honetan ere, bizilagun askoren iritzi eta kezkak entzun ondoren, EH Bilduren gobernuak erabaki zuen Lapurdi kalean egin nahi zuen aldaketa Kortazar eremura bakarrik mugatzea, eta proiektuaren gainerakoa etorkizuneko Mugikortasun Planak zehaztuko zuenerako uztea.

Plan horren aurrelanketak, ordea, 2011-2015 legegintzaldiaren amaieran hasi bazen ere, ez du jarraipenik izan EAJren hurrengo agintaldietan, nahiz eta EH Bilduk behin eta berriz eskatu izan duen eta planaren beharra ukaezina den.

EH Bilduren ustez, Zarautzen Mugikortasun plan bat egitea presazkoa da, are gehiago udal gobernua pixkanaka eta zatika gai honi dagozkion aldaketak erabakitzen ari denean, Lapurdi kaleko kasuan bezala.

Bestalde, EAJren koherentziarik gabeko jarrera salatu nahi du, gobernuan dagoenean eta oposizioan dagoenean desberdin jokatzen baitu.

Hau guztiagatik Zarauzko EH Bilduk herritarren parte-hartzea  barne hartzen duen Zarauzko Mugikortasun Plana egin dezala eskatzen dio EAJ eta PSE-EEk osatzen duen udal gobernuari berriz ere, Lapurdi kaleko eremuan eta beste guztietan egin behar diren jarduketen funtsezko jarraibideak ezar ditzan.