EH Bildu: “Putzuzulo Gaztetxearen proiektuak aurrera egin dezan Udalak lagundu egin behar duela uste dugu”

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2020ko aza. 27a, 12:28
Gaztetxearentzako pabilioi bat erosteko egitasmoak aurrera egin du, EAJ eta EH Bilduren botoei esker

Putzuzulo Gaztetxearen gaur egungo egoitza eraitsi egingo dutela eta, Zarauzko Udalak pabilioi bat erosteko egitasmoa onartu du ostegun honetan egin den udalbatzan. EAJko ordezkarien onespenaz gain, EH Bilduko zinegotzien baiezko botoa ere jaso du proposamenak eta, honenbestez, beharrezko gehiengoa izan du. Erabaki honekin, udal aurrekontuetan 510.500 euroko kreditu aldaketa bat egitea onartu da, Hegoalden pabilioi bat erosi eta gaztetxe bihurtzeko.  

 

EH Bildun dudarik ez daukagu Putzuzulo Gaztetxea herri kultura garatzeko gune bat izan dela azken 15 urte hauetan eta dela gaur egun ere. Mota askotako ekimenak eraman dira bertan aurrera: tailer ezberdinak, kontzertuak, bertso saioak, hitzaldiak, bilerak, liburu aurkezpenak eta abar. Herriko hainbat eragileren etxea ere ba da, Arraio Irratiarena eta Danda gazte asanbladarena, adibidez, baita biltzeko toki bat behar duen beste hainbat talderena ere.

 

Lizundia Oihal fabrika zaharrean kokatutako gaztetxe hau 2005ean sortu zen eta, hasiera batean hala ez bazen izan ere, jabearekin eta udalarekin akordio batera iritsi ziren eta modu horretan funtzionatzen egon da gaur arte, Zarauzko herriari kultur eskaintza zabala eskainiz.

 

Gaztetxearentzat zoritxarrez, herriko lurralde plangintzak toki hori erabiltzen jarraitzea ezinezkoa egiten du. Baina Putzuzulo Gaztetxeak Zarauzko premia, gogo eta hutsune bati erantzuten diola argi daukagu. Komunitatea egin eta kultur eskaintza sustatzeko plaza bat da eta horregatik uste dugu Udalak proiektu honek aurrera egin dezan lagundu egin behar duela. Beste hainbat elkarterekin egiten den bezala, herria aberasten duen proiektu honi ere baliabideak eskuratzea bidezkoa dela uste dugu.

 

Baina ostegunean bozkatu genuena hori lortu ahal izateko lehenengo pausoa besterik ez da. Tokia gauza bat da, baina erabilerak eta gestio moduak egiten du leku fisiko bat proiektu. Horiek guztiak zehazteko daude eta hemendik aurrerako pausoak Udalaren eta Gaztetxearen arteko elkarlanaren eta adostasunaren bidetik egitea nahi genuke. Gu hor, laguntzeko prest.

 

Espero dezagun, Zarauzko gazteek merezi duten gunea lortzeko lehen pauso honek  kontsentsuz eta elkarlanean emandako beste pauso batzuk ekartzea atzetik.  Espero dezagun gune hori proiektu alternatibo, zabal eta ireki baten kabi izatea, orain arte egin duen eskaintza ematen jarraitu eta, zergatik ez, bide berriak ere irekiko dituena.