Santa Klara komentuaren erosketaren aurrean Zarautz eta zarauztarrak zoriondu nahi ditu EH Bilduk

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2021ko ots. 16a, 15:00
(Aritz Mutiozabal)

Zarauzko Udalak Santa Klara komentua eta haren lurrak erosteko berria publiko egin duen honetan, Zarauzko EH Bilduk Zarautz eta zarauztarrak zoriondu nahi ditu. Udaleko talde politiko guztiek aho batez babestutako erabakia izan da komentua erostearena, denok uste baitugu Zarauzko herriaren intereserako izango dela.

Baita ere, Santa Klarako mojei gure esker ona adierazi nahi diegu, beste interes batzuen gainetik herriarentzat izatea lehenesteagatik.

Halaber, aukera handiak irekitzen dituen gune honen erabilera zehazteko, alkateak abian jarriko duela esan duen prozesu parte-hartzailea azpimarratu nahi dugu. Prozesu hori ezinbestekoa ikusten dugu, etorkizunean baliabide horrek herritarren beharrei erantzun diezaion.

Era berean, guztiok hainbeste poztu gaituen albiste honen aurrean, udalean gauden alderdi ezberdinei aurrerantzean egiten dituzten urratsen berri ematea eta talde guztien elkarlana bideratzea eskatzen diogu Udal Gobernuari.