Moratoria eta mahai teknikoa eskatu du EH Bilduk Nafarroa kaleko lanentzat

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zarautz 2022ko urr. 21a, 13:41

Zarauzko EH Bilduk idatzia erregistratu du gaur udaletxean Udal Gobernuari eskaera argi bat eginez: "Obrak abian jartzeko moratoria". Zehazki, "obren hasiera etetea, Nafarroa kaleko ur hornidura eta saneamendu proiektua bertako ezkiak kendu gabe egin ahal izateko azterketa egin arte".

Irailaren 2an argitaratu zuen Zarauzko Udalak URAKekin sinatutako hitzarmena. Gipuzkoako Ur Kontsortzioa-Gipuzkoako Urak erakundearen eta Zarauzko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena da, Zarauzko Nafarroa kaleko ur hornidura eta saneamendu lanak bideratzeko eta finantzatzeko.

EH Bilduk gogorarazi duenez, proiektu horrek herritar askoren artean egonezina sortu du, eta proiektuarekiko desadostasun nabarmena dago herrian. Besteak beste, ia 6.000 herritarren sinadurak bildu ditu Tiloak herri ekimenak, lanak ezkiak bota gabe egin ahal izateko azterketa eskatuz.

Moratoria eta mahai teknikoa

Horren aurrean, bi eskaera argi erregistatu ditu EH Bilduk, Zarauzko Udalak kontuan har ditzan.

Batetik, "obrak abian jartzeko moratoria", lanen hasiera eteteko eskatuz, lan horiek "ezkiak kendu gabe egin ahal izateko azterketa egin arte".

Bestetik, mahai tekniko baten sorrera. EH Bildurentzat, ezinbestekoa baita "iritzi ezberdinak entzun eta aukera gehiago landu ahal izateko mahai tekniko bat sortzea, herritarrek aukeratutako teknikariei ere bertan parte hartzeko aukera eskainiz".