'Haserrea antolatu, askatasunak hedatu!' kanpaina politikoa jarri du martxan Urola Kostako GKSk

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako GKS 2021ko urt. 25a, 18:41

Pandemiaren aitzakiapean, areagotzen ari da gizarteko masa zabalen gain ezarritako kontrol soziala, eta testuinguru horretan, etengabea da horren normalizaziorako esku-hartze ideologiko gogorra ere.

Osasun-krisia egungo testuinguruaren erdigunean kokatzen den elementua dugu. Hala ere, aldaketa sozioekonomiko eta politiko garrantzitsuek ere ezaugarritzen dute bizi dugun garai historikoa. Ziurgabetasuna eta kalitatezko bizi-baldintzen ukapena, gero eta modu gordinagoan dira langile masa zabalen bizi-ereduaren parte. Horrez gain, krisi sanitarioekiko existitzen den kezka orokortuak egoera oso konplexua sortu du, eta horren ondorioz sortutako baldintzek, pobrezia eta askatasun eza oinarri dituen gizarte ereduaren oinarriak indartzeko agertokia ireki dute.

Norabide horretan sakontzen ari den ofentsiba, ezin dugu gizarteko masa zabalen gainean gauzatzen ari den interbentzio ideologikotik bereizita ulertu. Iritzi publikoan eragiten duten normalizazio prozedura ugari ari dira sustatzen, eta horiek, erraztu egiten dute eskubide eta askatasun zibilen murrizketa, kontrol sozialaren orokortzearen zilegitasuna indartuz. Horren adibide dira, besteak beste, gazteria mediatikoki kriminalizatzea eta birusaren hedapenaren ardura egoztea, Poliziaren autoritatea zalantzan ez jartzearen zilegiztatzea, neurrien izaera kontraesankorra eta politikoa ezkutatzea komunikabideetan, egoeraren gaineko irakurketa politiko kritikoa egiten duen orori osasunaren aurka aritzea leporatzea... Horiek guztiek, iritzi publiko jakin bat sozializatzen dute, hegemonikoa den zentzu komunean eskubide eta askatasunen murrizketaren legitimazioa indartuz.

Mekanismo horien laguntzarekin, Estatuaren eta kapitalista handien botere-kontzentrazioa nabarmen ari da handitzen. Eta kontrara, gizarteko masa zabalen askatasuna murritzagoa den eta langileriaren gaineko kontrol soziala areagotzen ari den testuinguru berri baten ezarpena bizi dugu. Poliziaren presentzia kaleetan izugarri hazi da intimidazioa sozializatuz, erabaki arbitrarioen aurrean babesgabe aurkitzen da gizartearen gehiengo zabala eta zenbait oinarrizko eskubide berehalakoan urratzeko baldintzak ezarri dira. Agintari politikoek eta kapitalista handiek, ordea, aldebakartasunez beraien politikagintzarekin aurrera jarraitzen duten bitartean, langileriaren eragiteko gaitasuna ezerezean aurkitzen da.

Bizi dugun testuinguruaren aurrean, politikoki posizionatzearen premia azpimarratu nahi dugu. Beharrezkoa da aipatutako gertakarien irakurketa egiteko ikuspuntu sozialista aldarrikatzea eta hedatzea. Horrekin batera, ofentsiba orokortuaren aurrean, eskubide eta askatasun zibilen defentsak zein zabalpenak garrantzia berezia hartuko dutela uste dugu. Norabide horretan, berehalako eginbehar modura ulertzen ditugu interbentzio ideologikoa salatzea eta langileriaren gaineko kontrol sozialari aurre egitea. Horri ekarpena egiteko helburuarekin jardungo dugu aurrerantzean, aurrera doan esku-hartzea problematizatzeko eta horri aurre egiteko gaitasuna indartzeko asmoz.