Analisia: Arraunera (ere) iritsi da gaitza

Ikuslerik gabe jokatzen dira estropadak / Egilea: Arnaitz Rubio

Jaso daitekeen albisterik txarrena: "Arraunlari batek PCR proban positibo eman duelako, trainerua ez da uretaratuko".

Berri triste horrekin esnatu ziren arraunzaleak igande goizean, hiruzpalau ordu besterik ez zirenean falta Orioko estropada jokatzeko. Eta ez, oharrak aurreratu zuen bezala, Donostiako Arraun Lagunak taldea ez zen uretan izan. Ezta ere, KAE1ean, Zumaiako ohiko patroi gaztea ere; lotura zuzena du beste arraunlariarekin. Azkenean, eguzkiaren berotasunean, ikuslerik gabe izatearen aldaera berezi hori soilik izan behar zuen estropadak, zoritxarrez, izan zuen eraginik uretan.

Handik edo hemendik, honen edo haren erruz, baina gerta zitekeen halakorik. Mila protokolo ezberdin, bata bestea baino zurrunagoa jarrita ere, oso zaila zen ekiditea. Gauzak ondo egin behar ziren, bai, baina zorte pixka bat ere beharko zen. Bazekiten arraunlari eta prestatzaileek, baita zaletuek ere, baina egin da saiakera bat uda honetan gurean arrauna izateko. Apustu handia, adore handikoa. 

Estropadak dirauenean soilik ken dezakete musukoa arraunlariek, baina horrez gain, protokoloari men, distantziak, denborak eta leku komunak zuzen-zuzen ari dira zaintzen. Bakoitzak bere tokia du, eta taldean mugitzen dira, aurkariengana ia gerturatu ere egin gabe; burbuila baten barruan daudela dirudi.

Baina arraunlaria arraunlaria da. Ez futbolaria. Ez da bi hilabetez hotel batean ostatu hartuta egongo, burbuila batean bezala, gizartetik ihes eginda. Errealitatea bizi du arraunlariak, eta errealitatea da koronabirusa hedatzen ari dela geurean; arrazoi beragatik, arraunera ere ailegatu da gaitza.