Analisia: Eutsi eta erabaki

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko abu. 10a, 14:18
Hondarribiako estropada amaitu berritan / Argazkia: Aitor Arrizabalaga - Eusko Label Liga

Astero bezala, hona hemen Gorka Peñagarikano Goikoetxeak Urola Kostako HITZA egunkarirako eginiko asteburuko arraun jardunaldien analisia.

Lehengo lepotik burua. Denboraldi hasieran hartutako dinamika berarekin jarraitu du Euskotren Ligak: hamar estropadatik zortzitan izan dira azkarrenak oriotarrak, aise gainera, fin eta ederki arraun eginda. Donostiarra izan dute aurkaririk behinena, baina iaz bezala, aurten ere, Txiki ontziak hegan egin du, batez ere brankaz. Aldaketa dezente egin dituzte estropadatik estropadara, eta sarritan errotazioek huts egin badezakete ere, ontzia arin-arin joan da beti. Mahaigainean jarri behar da datua: arraunlari guztiek jokatu dute gutxienez estropadaren bat, eta denek astindu banderaren bat. Ezin uka, meritu handiko lana Xanti Zabaletarena. Liga amaitzeko bi estropadaren faltan, matematikoki txapelduna da Orio. Zoriontzeko lana oriotarrena.

Guztiz bestelako itxura du Eusko Label Ligak. Ezin irregularragoa izan. Pentsa, asteburu honetan bandera etxeratu duten bi traineruek beraien lehen garaipena dute ligan. Inoiz baino argiago ikusten da, hamar estropada jokatuta, sei traineruetako edonork etxeratu dezakeela bandera. Estu eta garesti daude puntuak, eta helburu ezberdinengatik borrokatzen diharduten taldetxoak osatu dira sailkapenean bertan: lau traineru bost puntuan dira goialdean, ligaren eta banderen bila; Hondarribia eta Zierbena atzeraxeago dira, baina hautagai argiak dira edonoiz azkarrenak izateko –gehienetan Hondarribia izan da azkarrena, hamarretik hirutan–; Cabo eta Lekittarra erdian dira, ez batean ez bestean, eta istilu guztietatik salbu dirudite, batez ere galiziarrek; eta azkenik, behealdeko borroka gero eta gogorragoa izaten ari da, izan ere, Kaikuk dagoeneko hondoa jo duela dirudien arren, azken-aurreko postua eta play-offa ekiditeko puntuak balio handikoak dira. Hiru traineru hiru puntuan dira, tartean Zarautz Babyauto.

Asteazkenean zabaldutako berriak, espioitzak, hankaz gora jarri zuen arraun-mundua. Dena den, badirudi, apur bat bada ere, oihartzun galdu duela gertakariak. Santurtzi eta Bermeo puntutan berdindurik ailegatu ziren asteburura, lidertzan, eta emaitzak ikusita zaila da jakiten eraginik izan ote duen ala ez jakin edo kontatu denak: jaun eta jabe izan zen Sotera larunbatean –lehenengo bandera eskuratu zuen–, baina igandean guztiz bestelako itxura eman zuen –bederatzigarrenak izan ziren–. Aldaketak egin zituzten: patroi gaztea eta beste lau arraunlari sartu. Beraiek baino ez dute jakingo zer asmo zuten, baina asmatu behintzat, ez zuten asmatu: lidertza bost puntura dute orain. Asmatu zuena edo irabazten irten zena, berriz, Orio izan zen, bigarren egin eta puntuak berreskuratuta. Estropada ederra egin zuten horiek lehen kaletik: erregularrak izan ziren eta poparean erraz hautsi zuten txanda, bigarren izan zen Bermeo hamar segundora utziz. Segundo bakarrarengatik ez zuten bandera eskuratu, izan ere, beste behin, aurten hirugarrenez, lehen edo bigarren txandakoek eraman dute garaipena. Atzokoan, Zierbenak.

Bigarren edo hirugarren txandan egon ohi da ikusmin handiena, banderaren lehia, baina denboraldi honetako lehenengo txandari emoziorik ez zaio falta. Kaikurentzat hil ala biziko asteburua izan da igarotakoa, eta ez dute asmatu. Zarauztarrentzat ere berebizikoa zen, eta lehen aldiz denboraldi honetan, lanak kostantziaz eta segurtasunez eginda, azken bi postuetatik aldendu dira, Aresen kalterako. Argi dagoena da, play-offerako geratzen diren sei estropadatan –datorren asteburuan Zarauzkoak–, galiziarrak atzean utzi behar dituela Enbatak. Edo Ares edo Ondarroa, edo biak. Alegia, txanda irabazi behar dela, edo muga-mugan aritu, behintzat. Behealdeko borroka bezala, goialdean ere asko jokatzen dute mirotzek. Ikusmin handiko estropadak datozkigu, zalantzarik gabe.