Analisia: Urterokoa, kale zozketak garrantzia berezia duen horietakoa

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko abu. 24a, 14:00
Argazkia: Aitor Arrizabalaga - Eusko Label Liga

Astero bezala, hona hemen Gorka Peñagarikano Goikoetxeak Urola Kostako HITZA egunkarirako eginiko asteburuko arraun jardunaldien analisia.

Urteroko kontuak. Eta oraindik, aurten, beste behin mahai gaineratuko diren kontuak, Kontxaren hurrengo asteburuan, Portugaleten. Bilboko itsasadarrak beti ematen du zeresana, izan ere, kale eta txanda jakin bat beti izaten da bestea baino hobea ala okerragoa. Itsasoan ere gertatzen dela, noski, baina nabarmenagoa egiten da ibaian. Are gehiago, asteburu honetan bezala, marea biziak tokatzen direnean. Koefiziente altuko itsasaldietan, ur-lasterrak non eta marea nola, guztiek edo inork ere ez du nahiko kale hura. Zoriona edo zoritxarra. 

Zoria kanpo faktore garrantzitsua izaten da arraunean, estropada guztietan. Arraunlari eta prestatzaileek aurrez bazekiten Santurtziko laugarren kaleak fruituak eman zitzazkeela, eta islatu ere hala islatu zen emaitzetan: hiru txandak laugarrenetik irabazi ziren. Eremua bera ere berezia zen, lehen luzea eta laugarrena ohikoak baino motzagoak zirelako eta, beste biak, aldiz, ohikoak baino luzeagoak. Lehen luzea aproposa zen bigarren kalekoentzat, ur lasterren alde joateko, baina laugarrena plazer hutsa zen ondoren zetorren guztirako, sekulako autobidea zelako.

Baina arraunean egin egin behar izaten da hala ere, eta patrontza lan handia eskatzen dute halako estropadek. Zarauztarrek etekina ateratzen jakin zioten laugarren kaleari, txanda aise irabazita eta sailkapenerako puntu esanguratsuak eskuratuta. Zer duen zoria alde izateak, izan ere, igandean justu aurkakoa gertatu zenean, majo sufritu zuen Enbatak. Berriz ere laugarren kalea egokitu zitzaion Zarautz Babyautori, eta Sestaon, marea beherantz zihoala eta baldintza guztiz ezberdinetan, lehen kale baketsua nahi zuten guztiek. Ondarroak eta Isuntzak izan zuten lehen kaletik arraun egiteko plazera, eta primeran aprobetxatu, mahai gaineko kolpea eman eta ihes egin dute sailkapenean. Play-offerako bi estropadaren faltan, puntu zinez erabakigarriak eskuratu zituzten. Ona, Enbata, asteburura Aresekin berdinduta ailegatu zela eta bi puntu goitik heldu dela astelehenera.

Oriok asteburuko bi saioetan hirugarren kale ez preziatuatik egin behar izan du arraun. Lan txukuna egin bai, baina emaitzak ez ditu aldeko izan. Ikusleentzat, agian, sekulako espektakulua da hiru traineru zero edo bost kalean elkar joka aritzea, baina ogitarteko baten gisan, estu-estututa, maniobratzeko espaziorik gabe egin zuten arraun oriotarrek Sestaon. Palak jo eta guzti, Santurtzirekin. Zigorrik ez, baina, sailkapeneko liderrarentzat. Hala baina, guzti honek mesederik ez dio egin Oriori ligari begira, lau estropadaren faltan, lidertzatik bederatzi puntu atzetik baitago, hirugarren postuan –lehen bigarren zen, bost puntura–.

Inork zalantzarik balu etxealdiak arraunlarien errendimenduan eraginik izan ote duen, has dadila ideia deseraikitzen. Zierbenak larunbatean eta Hondarribiak igandean ezarritako markak izugarri onak izan ziren, traineru guztiak eskaintzen ari diren maila bikainaren seinale. Hala, puri-purian dago sailkapen nagusia, eta zinez lehia zorrotza dago liga nork irabazi eta nork ekidin jaitsierako play-offa. Tristea, nire ustean, Ibaizabaleko estropadek denboraldiak daraman dinamika lehiakorra batera edo bestera hainbeste bideratzea, batez ere, denboraldia amaitzeko hain gutxi falta denean. Erabakita ezer ez da geratu, baina batzuk bai geratu direla jokoz kanpo: txarrerako, goialdean, denboraldi osoan gertu joan arren, azken unean lidertza urrun geratu zaien Bermeo eta Oriorentzat; eta onerako, behealdean, azken asteotan tentsioa eta lehia areagotu arren, igandeko estropadari esker azken-aurreko postutik urrundu diren Ondarroa eta Isuntzarentzat. Kaikuri galdetu bestela, azken postua ekiditeko miraria behar bazuen ere, zenbat eragin dion bi egunetan bi kale txarrenak tokatzeak.