Analisia: Emoziorik ez zaio falta badia hutsari

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko ira. 8a, 16:51

Irudi tristea utzi zuen igandean Donostiako portuak. Huts-hutsik arranpla; zalerik ez inguruan, ezta Aquarium gainean ere. Urteroko arraun-festa izan behar zuenak gutxi izan zuen festatik, eta Kontxa koloretsu bat ez ikusteak tristura eragiten du.

«Hau ez da Kontxa», esango zukeen batek baino gehiagok. Baina halakoxea izango da aurten, ez dago besterik. Dena den, arraun lehiak aurrera darrai, eta etxetik bada ere, pozgarria da Kontxa jokatzen ikustea.

Itsas-iragarpenak bete egin ziren. Olatua ibiltzea espero zen eta, itsasoa, mugitu eta nahasia. Nahasiegia agian, brankaz joateko; poparean, baina, badia barruan batez ere, oso jostalari zegoen. Asmatu egin behar zen, ordea. Emakumeetan, Oriok asmatu zuen itzuleraren lehen erdian, badiara ailegatu aurretik. Hirugarren kaletik egin zuten arraun, eta majo sufritu zuten kanporantz joaten. Traineru bat baino gehiago galdua zuten Donostiarrarekiko, baina ziabogara heltzerako, maniobra bikaina eginda, aldea berdintzea lortu zuten. Popareko lanak hasi orduko, olatuekin asmatu eta hanka egitea lortu zuen Oriok, baina badian sartzerako, 500 metroren faltan 8 segundoko aldea bazuen ere, zuriek horiak estutzea lortu zuten. Datorren igandean bien artean egongo da lehia; ea zer diren bi segundo.

Gizonezkoetan, berriz, banderaren lehiatik oso urrun kokatu da Orio. Joaneko luzean eutsi bai, baina bueltakoan hortzak estutzea ere alferrik izan zitzaien, Zierbenak eta Hondarribiak sekulako erakustaldia eman baitzuten poparean. Baina batez ere, Ama Guadalupekoak. Patroitzarako doaiak atera zituen argitara Amunarrizek: nola eta non kokatu, nola baztertu eta jokoz kanpo utzi aurkaria, eta zeinen ondo aprobetxatu estriborretik sartzen zen olatua. Eta badian, zauria are gehiago ireki: azken bi minutuan, sei segundo atera zizkien berdeek. Errenta oso garrantzitsua datorren igandeari begira.

Zarautzek eta Zumaiak ere jokatu zuten igandean, baina hauek, Kontxa, sailkapen estropadan irabazi zuten. Disfrutatzera irten ziren igandean, izan ere, jokatzea bera sekulakoa da bi taldeentzat, batez ere Enbatarentzat: ez dira gutxi 13 urte. Zer ohore eta zer ilusio taldea Donostian aritzeko, herriko gazteak onenen artean lehiatzen ikusteko; zoragarria da hori. Orain, merezita, datorren igandean gozatzera.