Analisia: Bigarren 'plenoa', bigarrenez

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko ira. 15a, 13:00

Kontxako Banderako bigarren jardunaldian gertatutakoen analisia egin du Gorka Peñagarikano kolaboratzaileak. 

Bi garaipen estimatuenak irabazi dituzte Orioko neskek, liga eta Kontxa. Iaz ere egin zuten, eta errepikatzea zaila bazen ere, denboraldiaren joana ikusita, zaila zen honek ihes egitea. Segurtasun osoz eta konfiantzaz, lanean gogor egin zuten, aurreko astekoari jarraipena emanez. Neguko lanaren fruituak izaten dira hauek, txalotzekoa, zinez. Chapeau.

Helburu ezberdinak dituzten lau traineru ikusi ziren emakumezkoen lehen txandan: Hondarribia, play-offa gain-gainean izanda, Hibaika baino gehiago dela erakustera joan zen, eta, atzerago, Zumaia San Juan baino azkarrago ibili zen, ligan bezala. Kontxan, zumaiarrak, Hibaika baino motelago baina San Juan baino bizkorrago; baina Telmo Deun elkartean, bi kontu garrantzitsu: kuadrilla gaztearen gogoa eta ilusioa, baita gora heltzeko itxaropena ere.

Izan zen antzekotasunik gizonezkoen zein emakumezkoen ohorezko txandan: estropada-hausturak. Edo saiakerak, gutxienez. Izan ere, emakumezkoetan, Donostiarrak Orio ito egin nahi izan zuen joaneko luzean, eta ito zena, azkenean, etxeko taldea izan zen. Oriok, fin-fin, aurkariari eutsi eta ziabogara heltzerako erdi kontrolpean zeraman estropada. Gizonezkoetan, bestalde, Hondarribiak ez zuen izan pare-parean jarraitu ziezaiokeen aurkaririk; lehen unetik hautsita eta kontrolatuta zuen bandera, arraunerako baldintza okerrenak zituela zirudien lehen kaletik arraun eginda ere. Norbaitzuk beste inortzuk baino gehiago gozatu bazuten badian, horiek Hondarribia eta Orio izan ziren: zeinen erraz, patxadaz eta bikain egin zuten arraunean. Zarauzko Ikurriña irabazten duenak Kontxa irabazten omen du... Halaxe gertatu da bi kasuotan.

Kontxako denborez harago, eta bertan egotearen ohoreaz gain, dena ez da hain polita: hainbat arrazoirengatik: izango dute buruhausterik asteon Zarautzen eta Orion. Batetik, Enbatak play-offa jokatzen duelako asteburuan, eta arraunlari batek min hartuta jokatu behar izan zuelako igandean; eta, bestetik, aurten ez dutelako ia ezertan asmatu Orioko gizonezkoek. Emaitzetan ez, behintzat. Azken bi saio gogor datozkie taldeei; denboraldia ondo amaitzea garrantzitsua litzateke hurrengoa gogoz prestatzen hasteko. Hatzak gurutzatzea besterik ez da falta.