Antigoaleko hiztegia

Ginbalet

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2017ko aza. 16a, 14:54
Argazkia: Museo Escolar Pusol

Daratulu txikia

ginbalet. iz. Daratulu txikia, esku bakarrez erabiltzen dena.

Ginbaleta arotz edo zurginen lanabesa da, hainbat lanetarako erabiltzen dena (zena): iltze edo torloju handi samar bati bide egiteko, zulo estu eta mehea egiteko… Baserrietan, kupelari edo barrikari zulotxoa egiteko, sagardo- edo txakolin-txorroxtada isur zedin; zulo hori, gero, zotz, ziri edo ganadu-seboarekin ixten zen. Ingelesez gimlet deitzen omen zaio. Nork nori lapurtu zion izena? Gimlet horrek, ordea, beste nonbaitetik lortua du ospea: edabe edo cocktail bat da, erdi gin, erdia lima-zukua, beste ezer gabe. Raymond Chandlerren Ez adiorik (The Long Goodbye) eleberrian Philip Marlowe ikerlariak honela dio: a real gimlet is half gin and half Rose’s lime juice, and nothing else. Hori, bada, gorago esandako formula, eta beste ezer ez!