Antigoaleko hiztegia

Musto-legatz

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2017ko aza. 23a, 11:01
Musto-legatza (Wikipedia).

Harraldeko arrain txikia

musto. iz. Itsasertzeko harkaitzetan bizi den arraina, kolore arre argi edo beltz-arrekoa eta azal lirdingatsua duena. Blennidae familiako hainbat arraini deitzen zaio musto Zarautzen, eta Blennius gattorugine da ohikoena. Beste zenbait lekutan kabuxa deitzen zaio arrain mota horri.

Mustoak tradizioz ez dira izan jateko arrainak, baina berak jale amorratuak dira eta kosk egiten diote edozein amutako karnatari. Horregatik arrantzatzen diren lehen arrainak izan ohi dira; esan ohi zen ez zirela itsasora itzuli behar, berriz ere amukia jateko prest izango baitziren hori eginez gero. Mustoak bakarrik harrapatu eta alferrikako arrantzaren amorrazioa handitzen zenean, errepidera botatzen ziren itsasora itzuli ordez, autoek akabatu zitzaten bestela hain akabatzen zailak ziren arrain madarikatu haiek. Bestalde, ba omen dira mustoen artean jateko balio dutenak ere. Horiek musto-legatzak dira, familia berekoak, baina beste espezie batekoak.