Antigoaleko hiztegia

Lapa

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2017ko aza. 29a, 20:29
Lapa (Sandy__R).

Itsasbazterreko haitzetan bizi den molusku gasteropodoa

lapa.iz. Itsasbazterreko haitzei atxikirik bizi den gasteropodo maskorbakarra, jateko ona (Patella sp.). lapati. Itsas arrain txikia, bentosa moduko batez harkaitzei itsasten zaiena (Gobiescocidae fam.). lapa-belar, lapatx. Hosto berde ilunak dituen landarea, arropa, ile edo soinean itsasten den fruitu kakoduna duen landarea (Arctium lappa). lapatin. Lapa-belarraren fruitu kakoduna.

Lapak gogor itsatsita egoten dira harraldeko haitzetan, eta euskaraz ohitura da zerbaiti atxikitzeko edo itsasteko joera duenari lapa deitzea. Horrela, ez hadi lapa izan! esaten zaio norbaiten albotik bereizten ez dena eta haren laztan edo arreta bereganatu nahi duenari; era bertsuan lapa edo lapa-belarra deitu izan zaio arropetan, ileetan edo soinean itsasten diren fruitu kakodunak (lapatinak) dituen landareari. Diotenez, hazi horiei erreparatuz asmatu zuen Georges de Mestral ingeniari suitzarrak 1948. urtean velcro izeneko lotura mota (velours, belusa, eta crochet, kakoa hitzetatik) eta patentea ipini zion, gainera; geroztik, jantzi eta oinetako askotan erabili da. Konparaketa pare batean erabiltzen da lapa hitza euskaraz: lapa haitzari baino helduago esaten da zerbai edo norbait beste zerbaiti edo norbaiti heldurik dagoenean oso, eta lapa-belarra bezain itsaskorra da besteen gogoaren kontra izanik ere talde bati itsasten dena. Euskaraz era asko daude norbaiti adierazteko elkarrizketa, tratua edo dena delakoa era txarrean eta haserre amaitu dela, eta haize hartzera bidaltzen den era bertsuan, norbait lapak beratzera bidal daiteke lasai asko. Lehengo esaera zaharrek erakusten dute Hausterre eguna dela lapetarako egun egokia: 1) Hauts-eguna (Hausterre), lapak jateko eguna. 2) Lapak jan behar dira Hauts-egunean (Hausterre), garizuma hasteko antzinako legean. 3) Lapatarako egunik jatorrena, Hauts-eguna (Hausterre). Zarautzen, aldiz, sekula harraldera joaten ez ziren baserritarrak ere Ostegun Santu egunean joaten ziren lapatara. Aste Santuan ilargi betea izan ohi da beti (Elizak hala aukeratuta, eta horregatik aldatzen da Garizuma eta Pazkoa urte batetik bestera), eta (eguzkiaren) goizeko bederatziak aldera izaten da marea behean, ezin hobeto goiza lapa-biltzen aritu, eguerdirako etxera eraman eta Ostiral Santuz (bijilia eta baraua) lapa-zopa jateko.