Antigoaleko hiztegia

Tximilo / txirbil / kiribilo / kizkur

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2018ko ots. 4a, 11:35
Hainbat materialen xafla mehe kiribildua

tximilo. iz. Zuraren, metalaren edo beste material baten gaina lantzean harrotzen den xafla mehe kiribila; xafla horien multzoa; beste izen batez: txirbil, kizkur, zirringila….

Zura lantzen zuten lantegietako hondakinak energia lortzeko erabiltzen ziren, surtarako. Su ekonomikoaren erdialdean egur-mokor bat jarri ohi zen, eta dena zerrautsez bete ingurua, ondo takeatuz zerrautsa guztia trinko-trinko jarri arte; ondoren, suarentzat tiroa egiteko erdiko egur-mokorra kendu eta sua piztu. Ordu askotarako su indartsua lortzen zen horrela, batik bat harrikatz pixka bat jarriz gero zerrauts artean! Garai haietan, aroztegi eta altzari-lantegietatik zerrutsaz gain tximiloa ere ekarri ohi zen etxeetara, etxeko sutarako hori ere, erregai erabiltzeko. Tximiloa ekartzen zuenari tximilozale deitzen zitzaion. Zarauzko tximilo hori kiribilo hitzetik eratorria izan daiteke, egur-hondakin horrek zuen forma kiribilagatik hala deitua. Txirbil edo kizkur deitzen da beste zenbait lekutan.