Antigoaleko hiztegia

Gazi

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2018ko api. 12a, 11:52
(Argazkia: Sukaldean)

Gatza duena

gazi. 1) adj. Gatza duena; janariei buruz ari garela, gatz gehiegi duena.

2) adj. Gezaren aurkakoa, geza ez dena.

Gazi adjektiboak badu bere esanahi normaletik (gatza duena) kanpo beste zenbait xehetasun adierazteko balioa. Esate baterako, sagarrak izan ohi dira gezak eta gaziak, eta ez gatzagatik, duten zaporeagatik baizik. Badira sagar gazi-geza edo gazi-gozoak,aldi berean gazia eta geza dena; era bertsuan, bizitzak ere izan ditzake garai edo egoera gazi-gozoak aldi berean atseginak eta atsekabeak nahasten dituen egoera edo gertakizunez ari garenean.Pertsona bat zalantzatia denean, ez gazi eta ez geza dela esan ohi dugu, eta prestatzen ari garen janaria gatzez ondo dagoen ikustea gazi-gezan ikustea da. Nonbait (ostatu edo jatetxe batean, batik bat) jaki bat gazia ateraz gero, esaten da: norbait badago ezkontzeko amorratzen, pentsatzen baita ezkondutakoan hartzen duela emazteak gatzaren ardura. Lehen, neskatxaren batek txolinkeriaren bat egin, edo ardura-falta izanez gero, esaten zitzaion: ikusi dun gatzaren ardura hartzen duanean!