Antigoaleko hiztegia

Mei, bein

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2018ko eka. 6a, 10:26
Hartzitutako likidoen hondarrak; botilaren hondokoa

mei. iz. 1) Beinak, hondarrak, hau da, txakolina, sagardoa, etab. egitean kupela edo barrikaren hondoan geratzen dena. 2) Botilaren hondoan geratzen den hauspeakin edo hondakina.

Garai batean bai txakolinean, bai sagardo-botilan ahalik eta mei gutxien izatea zen lortu nahi izaten zena, eta sagardoa zerbitzean arreta handia jartzen zen botila-barreneko meiak ez altxatu eta mugitzeko. Gaur egun, sagardoa zerbitzatu aurretik botila astindu egiten da meia nahasteko. Nola aldatzen diren gauzak, kamarada! Txakolin-meia erremedio ezin hobea zela uste zuten gure arbasoek. Txorkatila edo belauna bihurritutakoan ezinbestekotzat jotzen zen txakolin-meiarekin egindako enplastoa. Erreumaren minak arintzeko ere ezinbestekoa omen zen. Txakolinzaleek gorde egiten zuten meia herri-medikuntzan erabili ohi zelako. Gurean bazen tupikizko ontzi bat horretarako erabiltzen zena.