Antigoaleko hiztegia

Lepo

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2018ko eka. 28a, 10:20
Hitzaren esanahiak ezagutzeko, egin klik izenean

lepo. iz. 1) Burua enborrari lotzen zaion gorputzaren zatia, gorputza bera baino meheagoa. 2) Jantzietan (alkandora, jertsei…), lepoa inguratzen duen zatia. 3) Sorbalda (lepoan hartu eta antzekoetan). 4) Mendien arteko igarolekua. 5) Gorputz baten zatirik estu eta meharrena.

Lagunarteko hizkeran, lepo egin erabiltzen da aseturik geratzea adierazteko (ardoz lepo eginda amaitu genian). Baina kontu!, norbaiti lepoa egitea norbait horri burua moztea esan nahi du. Bide batez, lepoa jartzen diat, lepoa jokatzen diat, lepoa egiten diat… esaten da esaten dugun horri indar eman nahi diogunean, esandako hori egia berdaderoa dela baieztatu nahi dugunean. Leporaino nagok, leporaino natxiok… kokoteraino egotea da, asper-asper eginda eta baita goraino egotea ere (janez, edanez…); leporaino betea egon, aldiz, erabat betea esannahi du (aretoa leporaino betea). Besteren kontura ibiltzea besteren lepotik ibiltzea da, eta ez aldatzea, betiko eran portatzea esaten da burua betiko lepotik edukitzea, burua lehengo lepotik edukitzea. Esaera zahar batek dioenez, Gizona lepotik gora neurtzen da. Hona hemen lepo hitzarekin egindako beste hainbat esamolde, eta bakoitzaren esanahia: 1) lepo egon. Asebeterik egon, erabat beterik egon. 2) lepo gaineko lapiko. Burua. 3) lepo hezurretik gora jarri. Nazka-nazka egin, nazkatu, aspertu. 4) lepo jan. Asebete, nahi adina jan. 5) lepoa berotu, (inori) lepoa berotu. Jipoitu, jo, astindu. 6) lepoa bihurritu. Lepoa bihurrituz akabatu (oiloa edo). 7) (norbaiti) lepoa bihurritzeko amorratzen egon. Norbaiti txarkeria bat egitekotan egon. 8) lepoa mehea eduki. Gosez bizi; behar gorrian bizi. 9) lepoko txibilixta. Korbata edo lepoko tximeleta-begizta. 10) leporaino bete. Zeharo bete, asebete. 11) lepotik, (inoren) lepotik. Inoren kontura, norbaitek ordainduta.