Antigoaleko hiztegia

Lixiba

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2018ko uzt. 17a, 17:44
Hitzaren esanahiak ezagutzeko, egin klik izenean

lixiba. iz. 1) Arropak (maindireak eta arropa zuria, batik bat) garbitzeko eta zuritzeko prestatzen zen likidoa, sutako errautsekin egiten zena.

2) Sodio hipokloritoaren ur disoluzioa, desinfektatzeko edo garbitzeko erabiltzen dena; lejia.

3) Lixibatzea; lixiba egin, lixiba jo, bokata egin edo gobada egin.

4) Lixibaldi batean batera lixibatzen den arropa-multzoa.

Lixiba egiteko ontziak (zurezkoa, harrizkoa, metalezkoa…) bi atal izaten zituen, bat, barrenekoa, likidoari eusten ziona eta bestea, tina, arropak sartzeko erabiltzen zena. Tinan sartzen ziren arropak eta errautsak, txandakatuz, eta gainetik ur beroa isurtzen zitzaion eta denbora batez arropak han eduki beratzen. Gero, uretan garbitu lixibatutako arropak eta sasien gainean lehortzen uzten ziren. Horri lixiba egin, lixiba jo edo gobada egin deitzen zitzaion. Lixiba egiteko harriari, arropaz betetzen zen ontziaren azpian jartzen zenari lixiba-harri deitzen zitzaion (zurezkoak ere izan zitezkeen, jakina). Norbaiten egarri handia duela adierazteko, esan ohi da: lixiba-ura edateko adinako egarria du. Eskarmentu handia merezi duenari esan ohi zaio: errekan beratu eta lixiban egostea merezi duk! edota lixiban beratu eta gobaran egostea merezi duk. Norbaitek neurriz kanpo edaten duenean, ardo-jana egiten duenean, ardozko lixiba egin duela esan ohi da, eta zerbait egiteko prest egon, baina asmo den hori egiteko gaitasunik ez dagoenean edo abildadea falta denean, esaten da: lixiba egin behar eta oihalik ez.