Antigoaleko hiztegia

Ezkailu

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2019ko ots. 12a, 14:34
Ur gezatako arrain txikia

ezkailu. iz. Ibai, erreka eta urmaeletan bizi den arraintxoa (Phoxinus phoxinus).

Europa eta Asiako ur gezatako arraintxo bati (Phoxinus phoxinus) deitzen zaio ezkailu; garai batean ugaria eta ezaguna gure erreketan, gaur egun ez da hain erraz ikusten. Lehen umeen jolasa izan ohi zen ezkailuak harrapatzea txanpain-botila batekin egindako nasa edo artea erabiliz. Ezkailu frijituak eta tortillan prestatuak jaki goxoaren ospea zuen. Zenbait lekutan txipa deitzen omen zaio arraintxo horri, edo oso antzekoa den bati, bi espezie baitira gure inguruetan Phoxinus phoxinus eta Phoxinus bigerri. Ezkailuak osasun onaren ospea du, eta, horrela, ezkailu bat bezain osasuntsua izan esan ohi da, eta txipa, aldiz, norbait erabat bustirik dagoela irudikatzeko erabiltzen da: txipa bat bezala bustitzea tximu egitea da, blai egotea. Pertsona bakar baten ordez zenbait zerbaitetan aritzea egokiago dela adierazteko bada esaera zahar bat: Amuarrainak begi bi, sei ezkailuk hamabi.