Iltze

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2019ko mai. 23a, 17:25

Ikusi hitzaren esanahiak

iltze. 1) iz. Metalezko pieza mehe eta luzea, mutur batean punta zorrotza eta bestean burua duena, eta zerbait finkatzeko, beste zerbaiti itsatsi edo josteko nahiz zerbait zintzilikatzeko erabiltzen dena.

iltze. 2) iz. Gakoa, arazo baten gakoa; koska.

iltze. 3) iz. Eskuzko pilotariei ahurrean sortzen zaien mina.

iltze. 4) iz. Idi demetan, probalekuaren luzera.

iltze. 5) iz. Iltze-belarraren lorearen pipil iharra, janarien bizigarri erabiltzen dena, iltze-kanela ere deitua.

iltze. 6) iz. Asko jan ondoren eta, batik bat, behar baino gehiago edan ondorengo biharamunean sortzen den ezinegona, egarria eta gorputzaldi txarra.

Iltzeak erabiltzen dira zerbait beste zerbaiti finkatzeko edo josteko, baina duten izaerak beste zenbait ideiari irudia eskaintzen dio; hala, iltze-kanelak duen itxuragatik jaso du izen hori, eta iltzea sartzeak sor dezakeen minaren antzagatik deitzen zaio eskuzko pilotariei ahurrean sortzen zaion minari. Gehiegikeria baten biharamunean buruko mina senti daiteke buruan iltzatzen den zerbaiten moduan. Hala dio Kollomeren bertsoak:

Izugarriak dira

moxkorraren grinak

horixek menderatzen

egin ahaleginak

bestela izaten dira

bi(har)amun jakinak

kopetean iltzea

ta buruko minak.

Iltze mota asko ezagutzen dira (ziren), eta horietako handienei entenga deitzen zaie, txikixeagoak entengillak dira eta alanbre batetik abiatuta egiten direnak puntapaxak edo puntaparisak. Iltze gehienek dute burua, baina badira iltze burudun deituak eta baita iltze-buruzabalak ere (iltze labur eta buru zabalekoak, tatxuelak). Esan ohi da haritz-egurrean sartutako iltzeak esan ziola perra-tenazari: kenduko didak burua, baina haritza geratuko duk nire gorputzarekin. Horregatik egin ohi da konparaketa hau norbait egoskorra dela adierazteko: haritz egurrean sartutako iltzea baino egoskorrago haiz! Norbait arrazobide bera errepika eta errepika ari bada, edota lehen esandakoa (eta min eragin duena) berriztatzen, esan ohi zaio lehengo iltze bera errematxatzen ari dela. Ezinezkoa edo gauza oso zaila egiten duenari, aldiz, esaten zaio: harrian iltzea sartu dut! Zerbait lortzeko aritu egin behar dela adierazteko, esaten da: iltzeari, sartuko bada, buruan eman behar zaiok. Zenbaitetan kakoa erabili ordez iltzea erabili ohi da, honako esaera hauetan, esaterako: hor dago iltzea!  edo hor dago auziaren iltzea.