Pipertu

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2019ko urr. 28a, 16:03

Erdi-haserretu; erresumindu, haserretu

pipertu. ad. Umorea aldatu, umoretxartu, erdi-haserretu; erresumindu, haserretu.

Norbait haserretzen denean, baina ez gehiegi, umoretxartu edo erresumindu egiten denean, pipertu egin dela esan ohi dugu. Izan ere, haserrearen hainbat maila adieraz daitezke hitzez. Norbait etor daiteke haserre-itxura edo haserre-aurpegierarekin, eta esango dugu haserre-airea duela, haserre-aurpegia, edo haserre-itxura. Norbaitek haserretuaren itxurak ere egin ditzake, benetan haserre egon gabe; halakoetan esan ohi da haserre-papera egiten edo haserre paperak egiten ari dela. Zenbaitetan haserrea arina izaten da eta holakoetan haserre antzean dagoela esan genezake. Benetan haserretzen denean, haserrea hartu duela esaten da, edota, egokiago, nik uste, haserreak hartu duela, eta halako pertsona haserretuta, haserrerik edo haserre dago / haserre da. Haserrearen neurria goi mailakoa denean, benetako haserre handi horietakoa, pertsona egoten da haserre baino haserreago, haserre gorrian, haserre bizian edo haserretan irakiten.