Atzebikoitz

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2020ko api. 9a, 18:03

Ipurdi handikoa

atzebikoitz, atze-bikoitz. adj. Atze ederra duena, ipurdi handi edo ederrekoa.

Antigoalekoa eta baserri ingurukoa izateaz gain, hitz markatua da atzebikoitz. Berez, abereekin erabiltzen da, ganaduarekin batik bat, eta adierazi nahi du txahal ederra, handia, eta mamitsua, ipurdi ederrekoa (doblekoa, bikoitza duena ipurdi-aldea). Hortik kanpo, eta batik bat pertsonekin erabiltzen bada, hitz zabarra da, arrunkeria, ipurtandi hitza bera baino okerragoa. Kontrakoa adierazteko, atzezorrotza erabiltzen da abereekin, eta baita ipurtxorrotx edo ipurzorrotz (baita pertsonekin ere). Ipurdiak maiz pizten du gure arreta, dirudienez, eta adjektibo kalifikatzaile ugari sortzen ditugu ipurdi motak bereizteko: ipurlodi, ipurtandi, ipurtente, ipurtzabal, ipurtarro, ipurtihar… Ipurdiarekin zerikusi duten beste pare bat adjektibo kalifikatzaile ere dira: ipurgarbitzaile eta ipurmiazkatzaile, baina horiek beste esanahi bat dute, zurikeria eta lausenguarekin lotura duena.