Kaka-nahasle, kaka-nahastaile

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2020ko api. 9a, 18:25

Kontu nahasietan dabilena

kaka-nahasle, kaka-nahastaile. iz. Kontu edo arazo nahasi edo itsusiak sortzen edo argitaratzen aritzen dena, ez dagozkion saltsetan sartzen dena.

Kaka-nahaste deitzen zaio kontu edo arazo nahasi eta itsusiari, eta kaka-nahastu edo kaka-nahasi istiluak sortzeari, hau da, gauzak edo arazoak okerrerako nahasteari, gauzak zaildu edo korapilatzeari. Kontu horietan ibiltzen dena da kaka-nahasle edo kaka-nahastaile. Urola aldean ohikoa da kaka esplikatzen esamoldea, baina esanahi zertxobait desberdinarekin: kaka esplikatzea alferrikako berriketaldi batekin lata ematen aritzea da. Hain zaharra ez dena baina gure arteko hizkerak ontzat hartu duena (beraz, erabiltzekoa) da kaka eman esamoldea, kontzeptu bertsua adierazteko: alferrikako berriketaldian aritzea, aspertzeko adinako hitz egin beharrean aritzea. Beste era batera esanda, lata-puta eman edo beroa eman. Hori duk kaka eman beharra, isil hadi! edo Nolako lata-puta eman zidan Anoetara joan behar genuela eta Anoetara joan behar genuela! edota Ez iezadak horrelako berorik eman, niri ez zaidak futbola gustatzen!