Ahotz

Erabiltzailearen aurpegia

Ikusi hitzaren esanahiak

 

ahotz. 1) iz. Uzta, bereziki gariarena, larrainean jo ondoren gelditzen den lastoa.

ahotz. 2) iz. Auka, gari-alea (edo antzeko beste aleren bat, garagarra, zekalea…) biltzen duen mintz gogor eta mehea.

ahotz. 3) iz. Gariaren edo aleen mintz gogor horien multzoa, lasto xehearen edo zahi larriaren antzekoa.

ahotz. 4) iz. Gariaren eta antzeko landareen lorea inguratzen duten orritxoen multzoa.

Gari-uzta bildu ondoren jo egin behar zen, alea gainerako gaietatik bereizteko. Lan hori larrainetan egiten zen, garai batean, eskuz (trailu edo idaurrarekin, esaterako), animalien laguntzaz (narra erabiliz edo) edota garia jotzeko makinekin, gerorago. Alearekin batera lasto luzea edota lasto motza bereizten ziren (erabiltzen zen trailua edo bereizketa-moduaren arabera); leku batzuetan lastoa eta besteetan ahotza deitzen zitzaion aleetatik bereizitakoari, baina beti lasto motza zen ahotza, ez luzea. Iraupenik gabeko kemenaldiari, oldarraldi bati, eta, batez ere, une bateko beroaldiari deitzen zaioahotz-galda; izan ere, ahotzak su bizkorra du, baina iraupen gutxikoa. Ahotza aipatzen duten hainbat esaera zahar badira; esaterako, alferrikako zerbait egiten duenari (batik bat, handikeria bat denean) esaten zaio: Ahotza sal eta astoa eros egin duela. Beste esaera zahar batzuk: 1) Apirila hotz, ez gari eta ez ahotz. 2) Apirila joan eta maiatza gero, ganbararen bazterrean ahotza bego (neguaren amaieraraino zuhurra izan behar dela adierazteko). 3) Gariak ahotza bere, eta gizonak baita itzala ere. 4) Maiatz hotz, ez ahotz ez bihotz. 5) Maiatz hotz, ez gari ez ahotz. 6) Maiatz pardo, ogi eta ardo; maiatz hotz, ez gari ez ahotz (maiatz hotzak gariak galtzen dituela adierazteko).