Azpiko

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2020ko ira. 22a, 18:21

Ikusi hitzaren esanahiak

azpiko. 1) adj.Azpian dagoena.

azpiko. 2) iz.Mendekoa, besteen mendean dagoen pertsona.

azpiko. 3) iz.Azpiko uhala, orgaren barak batzen dituena eta aziendaren sabel-azpian kokatzen dena.

Azpikoa da azpian dagoena, eta arroparekin erabiltzen da sarri: azpiko arropa da barruko arropa, arropa zuria ere deitzen dena batzuetan; azpiko gona, gonaren edo soinekoaren azpian erabiltzen den (zen?) azpiko arropa mehea, gerritik beherakoa edo gorputz osokoa. Gauzak azpikoz gain jartzen dira iraultzen direnean, azpian, edo ezkutuan, zegoena kanporatzen denean; arropak ere jar daitezke azpikoz gainera, horrela, jertsea, nikia, elastikoa… azpikoz gain jantzi edo azpikoz gora jantzi diogunean, esan nahi dugu ohikoz barruan dagoena kanpora aldera jantzi dugula. Euskaldunok zailtasun handiak ditugu adjektiboak izen bihurtzeko garaian, inguruko hizkuntzetan hori erraztasun handiz egiten denean (gogoratu teléfono móvil, téléphone cellulaire,ordenador portátil, ordinateur portable… bi bakarrik aipatzearren, eta euskaraz asmatu behai izan ditugun sakelako (telefono) eta (ordenagailu) eramangarri); hala eta guztiz, zenbaitetan hala egin izan da (eta egiten da) adjektiboa izen eginez. Azpiko da adibide bat: azpikoa (azpiko uhal bikotetik etorria) da azienda (behorra, astoa…) orgaren baretan jartzen denean beheko aldetik heltzen dion uhala; orga garraiatzeko, azienda bi bara horien artean kokatu behar da, bizkar gaineko zelako uhaletatik zintzilika dituela bi barak eta azpikoarekin bermatuz orga (atzera irauli ez dadin).