Euri-haizea, eulaizea

Erabiltzailearen aurpegia Antigoaleko Hiztegia 2020ko aza. 24a, 11:13

Euria dakarren haizea.

euri-haize. iz. Euria dakarren haizea; euriaren aurreko haizeari deitzen zaio horrela.

Zenbaitetan, euria hasi aurretik izan ohi da haize-aldaketa bat, haizearen bafada berezi bat zuhaitzetako hostoak bihurritu, azpikoz gain jarri eta harrotzen dituena. Euria iragartzen duen haize-bolada horri deitzen zaio euri-haizea, eta euskara zaharragoan eulaizea. Sineskeria batek dio okilak kantatzen duenean euri hurbil dela: Okila kantetan, euria atetan eta Okila hasten bada kantuz, euri-haizea laster hasiko txistuz. Santio-Santanetan euria preziatua du nekazariak. Hala dio esaerak: Santio-Santanetan euria, huraxe da nekazarien urria (urrea). Uztailaren 25ean da Santiago apostoluaren festa, eta 26.an Santa Ana eguna, urteko garai lehorrean, beraz. Kondairak dio behin batean nekazari bat kostaldeko herri batera hurbildu eta bapore berri eder bati begira zegoela. Marinel-jende lanik gabeko batzuk pentsatu omen zuten: "Adarra jo behar zioagu gizaixo horri". Nekazariarengana hurreratu eta esan omen zioten: "Ederra ontzia, e, adiskide! Zenbat balio duela iruditzen zaizu?" Eta nekazariak, ikusiz edozein erantzun emanda ere adar jotzen jarraituko zutela, esan omen zuen: "Ez duk merkea izango, baina seguru nagok Santio-Santanetako eulaizeak adina ez duela balio".